Zinebiko 33 film labur Madrilen erakutsiko ditue

Bizkaie! 2018-09-05 08:01   Zinemea

Espainiako Filmotekeagaz alkarlanean antolatu dabe zikloa.

Zinebi59-ko irabazlea, Max Porter eta Ru Kuwahataren 'Negative Space' | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdia, Zinebi, Bizkaiko uriburutik urtengo da hurrengo hiru hileetan, Espainiako Filmoteka Nazionalagaz batera antolatutako ziklo bereziari esker. Barikuan, hilak 7, hasiko da eta zemendiaren 29ra arte hainbat saio egongo dira Madrilgo Doré zinema-aretoan.

Zinebi59-ko, hau da, orain arteko azken edizinoko, 33 film labur aukeratu ditue ziklorako, danak sail ofizialean parte hartutakoak. Horreetako bat da Zinebiko sari nagusia irabazteaz gan Oscar sarietarako izentauta egon zan Negative Space, Max Porter eta Ru Kuwahatak zuzendua.

Beste film nabarmen bat Mariangela Pulcinoren Galatée a l´infini da, Zinebi59-n dokumental onenaren eta Espainiako film labur onenaren sariak irabazi zituan eta. Euskal ordezkaritzeari jagokonez, Atxurra Animazino Taldearen Areka ikusi ahal izango da Madrilen. Euskal film labur onenaren saria irabazi eban Bilboko jaialdian. Koldo Almandozen Plagan be emongo dabe Espainiako Filmotekearen zikloan.

Lehenengo saioa, irailaren 7koa, be aitagarria da, Zinebi jaialdiko zuzendari Vanesa Fernandez Guerra izango dalako aurkezlea. Egun horretan bost film emongo ditue: Meninas formicida (João Paulo Miranda María), Maned & macho (Shiva Sadeah Asadi), Phantasiesätze (Dane Komljen), Nyo Vweta Nafta (Ico Costa) eta Limbo (Ghasideh Golmakani). Zemendiaren 29ra bitartean, sei saio izango dira guztira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu