Zinemea eta gastronomia buztartzen dituan saila zazpi filmek osotuko dabe

Bizkaie! 2018-09-03 12:02   Zinemea

Proiekzino eta afarietarako baterako txartelak irailaren 3an jarriko dira salgai, 9:00etan, 70 euroan.

Miguel Ángel Jiménezek –Khorosho (Todo bien, Zinemira 2010) eta Kafenio Kastello (Kimuak 2018) film laburren eta Ori (Zuzendari Barriak 2009) eta Chaika (Zuzendari Barriak 2012) film luzeen egileak– Michelin izar biko L'Escaleta jatetxearen atzealdeko bizimodua jaso dau Y en cada lenteja un Dios filmean.

Ander Iriarteren (Echevarriatik Etxeberriara) eta Aitor Bereziartuaren Bihar dok 13 filmak Gaur eta Ez Dok Amairu mobimenduakaz aurrez aurre jarriko ditu Basque Culinary Centerreko zenbait ikasle. Orain 50 urte, euskal arte eta musikagintzearen ikuspegia barriztau eben mobimenduok; orain, artelan batean inspirautako plater bat birsortu beharko dau ikasle bakotxak.

Ramen Shop, Eric Khoo zuzendariaren fikzino-filma, Singapurrerako bidaia personal eta gastronomiko bati ekingo deutson ramen-sukaldari gazte batek protagonizetan dau. Khook Canneseko lehiaketa ofizialean (My Magic, 2008) eta Un Certain Regard sailean (Tsatumi, 2011) aurkeztu ditu bere aurreko filmak, eta Berlinaleko Culinary Cinema sailean aurkeztu eban Ramen Shop. 2014an, Recipe (Culinary Zinema) aurkeztu eban Zinemaldian eta Epaimahai Ofizialeko kide izan zan, eta 2015ean, barriro itzuli zan In the Room (Zabaltegi) eta Wanton Mee (Culinary Zinema) aurkezten.

Soon-rye Yim zinemagilea nahikoa ezaguna da bere herrialdean. Hego Koreako Little Forest produkzinorako, uri handian amodio- eta lan-arazoz estuturik bat-batean jaioterrira bueltetea erabagiko dauen gazte bat hartu dau ardatz.

Un instante en la vida ajena (2003) filmagaz dokumental onenaren eta Iberia-gaz argazkilaritza onenaren Goya sariak jaso ondoren, José Luis López-Linaresek Picual olibearen iraultzea jaso dau Jaén, Virgen & Extra filmean. Jaéngo oliba enblematikoena izan arren, ez jako oso balio handia emon. The Heat: A Kitchen (R)evolution filmean, barriz,jatetxeen buruan aitzindari izan diran emakumezko sukaldarien fenomenoa aztertu dau Maya Gallus zinemagileak, besteak beste, Anne-Sophie Pic eta Angela Hartnett-egaz. Igaz, 2017an, Gallusi atzera begirakoa eskaini eutson Hot Docs zinema-jaialdiak, eta aurten film horrek emon deutso hasierea jaialdiari.

Urteetan telebistako formatuetan ibili eta gero (adibidez, Caiga quien caiga programeagaz), Alfred Oliverik Germán Martitegui argentinar sukaldari entzutetsuaren eta haren lantaldearen abenturea irudikatu dau bere lehen film luzean, Tegui: Un asunto de familia-n, 40 egunez euren jatetxea zarratu eta hutsetik hasita Andeetako mendikatean beste bat edegiten dabenean.

Proiekzino eta afarietarako baterako txartelak irailaren 3an jarriko dira salgai, 9:00etan, 70 euroan. Zinemaldiaren eta Kutxabanken web-orrien bitartez erosi ahalko dira. Filmak ikusteko sarrerak, barriz, datorren irailaren 16an jarriko dira salgai, 7,90 euroko prezioan.

Culinary Zinema sailaren babeslea Nespresso da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu