Hogei euskal produkzino Donostian
2018-08-31 12:41 ZinemeaRamon Agirre aktoreari Zinemira saria emongo deutsie.
Sekula baino euskal film gehiago erakutsiko ditue Donostiako Zinemaldiaren 66. edizinoan, danetara hogei, Sail Ofizialean, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Zinemira sailetan, eta Euskal Zinemearen eta EiTB galetan banatuta. Zinemaldian bertan estreinauko diran 15 pelikula Irizar saria irabazteko hautagai izango dira.
Beren-beregi euskal zinemagintzeari eskainitako Zinemira atalean ikusi ahal izango dira horreetako asko. Hamabi film dagoz Zinemirako zerrendan. Ana Schulz eta Cristobal Fernández zuzendarien Mudar la piel filmagaz zabalduko dabe saila. Locarnoko sail ofizialean estreinau zan, lehiaketaz kanpo. Juan Gútierrezen eta Roberto Flórezen arteko laguntasuna aztertzen dau. Lehenengoa Espainiako gobernuaren eta ETAren arteko bitartekaria izan zan; bigarrena, aldiz, traizinoagaitik zigortutako CNIko agente ohia.
Saila zarratzeko, ostera, Fermin Muguruzaren Black is Beltza aukeratu dabe. Izen bereko nobela grafikoan oinarritutako animazinozko pelikuleak 1960ko hamarkadako New Yorkera eroango gaitu. Harkaitz Canok idatzi dau gidoia.
Aitatutako horreez biez gan, beste hamar estreinaldi hartuko ditu Zinemirak: Josu Martinezek Lezo Urreiztietari buruz egindako Jainkoak ez du barkatzen, Oier Aranzabal kazetari eta musikariaren Margolaria eta Izaro ugartearen identidadea eta historia batzen dituan Izaro dagoz tartean; baita Gure oroitzapenak film kolektiboa be. Joseba Sarrionandiaren mundu literarioan oinarritutako hamabi txatal ditu filmak, beste horrenbeste zuzendarik eginak.
2014 (Loreak), 2015 (Amama) eta 2017ko (Handia) edizinoetan legez, aurten be euskerazko film bat Sail Ofizialerako aukeratu dabe, Telmo Esnalen Dantza. Esnalek lehenago be parte hartu izan dau Zinemaldian, 2005ean Aupa Etxebeste! (Zuzendari Berriak sailean) eta 2009an Eguberri on, amona! aurkeztu zituan, baina hauxe dau lehenengo aldia Sail Ofizialean.
Koldo Almandoz, ostera, Zuzendari Berriak atalean lehiatuko da, Donostian lehenengo film luzea aurkeztuko dau eta: Oreina, Khalil gaztearen ibilerak dakarzan istorioa.
Zinemaldian estreinaldia izango daben hamabost euskal film luzeak Irizar saria irabazteko hautagai izango dira. Irabazleari 20.000 euro emongo deutsiez.
Euskal Zinemearen Galea irailaren 25ean egingo dabe, Victoria Eugenia antzokian. Ekitaldi hori aprobetxauko dabe Ramon Agirre aktoreari Zinemira saria emoteko, euskal zinemagintzan egindako ibilbide luzea autortzeko asmoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!