Hego Euskal Herriko zinema-aretoetara heldu da 'Non (Ez)'
2018-08-31 10:57 ZinemeaEñaut Castagnet eta Ximun Fuchsen filmak lana galdu barri daben behargin batzuen istorioa dakar.
Ipar Euskal Herriko zinemagintzearen emoitza barria, Non (Ez), Hegoaldeko zinema-aretoetara heldu da gaur (Ipar Euskal Herrian orain dala aste batzuk estreinau zan). Asteburuan hainbat aretotako programazinoan egongo da: Bilboko Multi, Gasteizko Florida eta Donostiako Principe zinemetan. Ganera, Madril, Alacant eta Zaragozan be ikusi ahal izango da.
Eragile ugari ditu atzean Non proiektuak: Le Petit Théâtre de Pain euskal sortzaileen kolektiboa, Aldudarrak bideo kooperatibea, Derrière le Hublot Okzitaniako kale-antzerki mobimendua eta herritar asko. Alkarlan horren ondorioa da Non, Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchsek zuzendua. Gastibeltza Filmak etxeagaz produzidu dabe.
Okzitaniako Capdenac uriko Radial enpresako beharginak dira pelikulako protagonistak. Greba baten ondorioz ateak zarratu ditu lantegiak eta beharginen kezkak, hasarreak eta burrukea aztertzen dira. Ximun Fuchs bera da aktoreetako bat eta beragaz agertzen dira Hélène Hervé, Fafiole Palassio, Manex Fuchs, Tof Sanchez, Cathy Coffignal, Guillaume Méziat, Eric Destout, Jérôme Petitjean, Mariya Aneva... Film korala da Non.
2017ko Donostiako Zinemaldiko Zinemira atalean proiektau eben Non. Euskal gidoi onenaren saria irabazi eban ezkero, euskal zinemagintzan azkenaldiko film luze aitagarrienetako bat da. Gaurtik, Hegoaldeko publikoak pantaila handian ikusteko aukerea izango dau, frantsesez, euskerazko azpitituluakaz.
Trailerra, hau be euskerazko azpitituluduna, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!