Isabelle Huppert, Donostiako 66. Zinemaldiko kartelean

Bizkaie! 2018-08-30 13:36   Zinemea

Lehenengo aldiz agertuko da aktore bat jaialdiaren poster ofizialean.

Donostiako Zinemaldiaren identidade grafiko barriagaz bat datorren kartela diseinau dabe, José Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak azaldu dauenez. Era horretara, aurtengo edizinoan Isabelle Huppert aktore frantsesaren zuri-baltzezko argazkia dago erdigunean, eta koloretako marra batzuk ditu atzetik.

TGA diseinu-etxe donostiarrak egin dau 66. Zinemaldiaren kartel ofiziala. Apurtzailea dala esan  leiteke. Batetik, diseinuagaitik. Baina baita aktore bat agertzen dalako be. Orain arteko posterretan bestelako elementuak ipini izan ditue.

Dana dala, Rebordinosek gogora ekarri dauenez, Isabelle Huppert eta Donostiaren arteko loturea sendoa eta aspaldikoa da, ez da kasualidadea bera aukeratu izana. Olivier Dahan zuzendariaren La vie promise aurkezteko etorri zan Zinemaldira lehenengoz, orain dala 15 urte. 2003an, ostera, Donostia Saria emon eutsien. Danetara, Huppert-en hamabost bat film programau dira azken urteotako Zinemaldiaren sailetan.

Donostiatik kanpo be, entzute handiko aktorea da Huppert, ganera. Urrezko Globoa, Berlingo Zidarrezko Hartza, Cesar saria, Veneziako Urrezko Lehoia eta Europako Akademiaren Saria irabaziak ditu, beste askoren artean. 2016ko Elle pelikulan egindako lanagaitik, Oscar sarietarako izentau eben.

Ohore handia da oraindino jardunean dan eta urtero film zoragarriak ekarten deuskuzan munduko antzezle onenetako batek Zinemaldiaren irudia izatea onartu izana, adierazo dau José Luis Rebordinosek, kartela aurkezteko agerraldian.

Kartela Zinemaldiagaz lotutako argitalpen, ekitaldi eta eraikinetan ikusi ahal izango da aurrerantzean. Horrezaz gan, poster erako mila kopia egin ditue, saltokietan eta Zinemaldiaren ohiko guneetan zinemazaleei banatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu