Zinebi jaialdiak 3.770 film jaso ditu 60. edizinorako

Bizkaie! 2018-08-29 13:25   Zinemea

Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdia zemendiaren 9tik 16ra egingo dabe.

Igazko irabazle nagusia, Max Porter eta Ru Kuwahataren 'Negative Space' | Ikusi handiago | Argazki originala

Proposamenak aurkezteko epea zarratu barritan, jasotako erantzunaren barri emon dabe Zinebi jaialdiko arduradunek. Kopuru aldetik, behinik behin, gustura egoteko moduko datua da aurtengoa: 3.770 pelikula bialdu ditue mundu guztiko zinemagileek, hau da, 2017ko edizinoan baino 587 gehiago. Jaialdia hazkunde bete-betean harrapauko dau, beraz, 60. edizinoak, nazinoarteko oihartzunari jagokonez.

Jatorriaren aldetik, 124 herrialdetako lanak jaso dituela azpimarratu dabe Zinebiko antolatzaileek. Tartean dagoz Euskal Herriko 91 lan. Hautagai gehien Espainiatik bialdu ditue (747, Hego Euskal Herrikoak kontauta) eta atzerago dago Frantzia (331). Estadu Batuetatik 192 heldu dira, Brasildik 168 eta Erresuma Batutik 140. Hemengo jaialdietan horren ohikoak ez diran herrialdeen artean, besteak beste, Bangladesh, Kanbodia eta Kazakhstan aitatu leitekez.

Generoari begiratu ezkero, fikzinozko film laburrak dira jaun eta jaube: Era horretako 2.482 film jaso ditue. 797 dokumental eta animazinozko 491 pelikula be heldu dira.

Jasotako film guztien artean, aukeraketa zorrotza egin beharko dabe orain antolatzaileek, sail bakotxean aurkeztuko diran pelikulak aukeratu eta sarietarako hautagaiak zeintzuk izango diran erabagiteko. Mikeldi sariak, ohiko moduan, hiru modalidadetan emongo ditue: Fikzinoa, dokumentala eta animazinoa. Euskal Zinearen Sari Nagusia, Zine Espainiarraren Sari Nagusia, SGAE Fundazinoa-Euskadiko Kontseilua Saria Euskal Gidoi Onenari eta Ikus-Entzuleen Saria be jokoan izango dira.

Zinebiren 60. edizinoa zemendiaren 9tik 16ra egingo dabe. Sei hamarkadako ibilbideari esker, ospea eta prestigioa eskuratu ditu Bilboko jaialdiak zinemagintzearen munduan. Bere modalidadeko jaialdien artean, A klasedun bakarra da Espainian.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu