'Black is Beltza' Torontoko jaialdian proiektauko dabe
2018-08-29 10:36 ZinemeaIrailaren 11n ikusi ahal izango da Fermin Muguruzaren film barria Kanadako uririk handienean.
Torontoko Nazinoarteko Zinema Jaialdiak, TIFF dalakoak, Fermin Muguruzaren Black is Beltza pelikulea aukeratu dau aurtengo edizinorako. Irailaren 11n proiektauko dabe. Hortaz, zinema-aretoetara urriaren 5ean helduko dan arren, Kanadan lehenago ikusi ahal izango dabe Black is Beltza. Antza danez, Film Factory nazinoarteko kudeaketa agentzia arduratu da Muguruzaren filmari atzerrian lekua egiteaz eta horri esker aukeratu dabe Torontorako.
TIFF jaialdia Ipar Amerikako garrantzitsuenetako bat da eta zinema independentearen alorrean erreferente nagusietako bat. Aurtengo edizinoa irailaren 6tik 16ra egingo da. Black is Beltza-ren kasuan, TIFF Industry izeneko gunean proiektauko dabe.
2014an plazaratutako Black is Beltza nobela grafikoaren hariari heltzen deutso izen bereko filmak: 1965ean, New Yorken, Iruñeko erraldoien konparsea desfile baten egotekoa da, baina erraldoi baltzari ez deutsie urteten itxi nahi, arrazakeria dala eta. Hortik abiatuta, Manex protagonisteak 1960ko burruka sozial handienak bizi izango ditu.
Animazinozko filma dan arren, aktore ezagunek hartu dabe parte, pertsonaiei ahotsak ipinten: Unax Ugalde, Isaach de Bankole, Ramon Agirre, Rossy de Palma, Ramon Barea, Willy Toledo, Jorge Perugorria, Hamid Krim eta Emma Suarez ibili dira horretan, besteak beste. Euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta arabieraz dago gidoia. Harkaitz Cano ibili da gidoigile.
Black is Beltza-ren trailerra be zabaldu dabe azken orduotan. Ikusi hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!