'Phantom Thread', 2018ko film onenaren FIPRESCI sariduna

Bizkaie! 2018-08-27 11:33   Zinemea

Donostiako Zinemaldian emongo deutsie saria Paul Thomas Anderson zuzendariari.

'Phantom Thread' filmeko irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala

2017ko garagarriletik estreinautako film guztien artean, zinema-kritikariek Phantom Thread izentau dabe onena eta, hortaz, 2018ko FIPRESCI saria jasoko dau Donostian. Paul Thomas Anderson zuzendariak hirugarren aldiz irabazi dau sari hau. Lau finalista egon dira eta mundu guztiko 473 kritikarik emon dabe botoa.

Beste hiru finalistak honeek izan dira: Martin McDonagh-en Three Billboards Outside Ebbing, Missouri; Pawel Pawlikowski-ren Zimna wojna / Cold War; eta Lucrecia Martel-en Zama.

Reynolds Woodcock moda-sortzaile famatuaren istorioa kontetan dau Phantom Thread-ek. Alma gaztea haren musa eta maitale bihurtzen danean, Woodcock-en bizimodua goitik behera aldatuko da, eta ordura arteko kontrola eta zehaztasuna galduko ditu.

Paul Thomas Anderson zinemagile estadu batuarrak 2000 eta 2008. urteetako edizinoetan be irabazi eban FIPRESCI saria. Lehenengoan, Magnolia filmagaitik emon eutsien eta, bigarren aldiz, There Will Be Blood lanagaitik. Azken horregaz Oscar sari bi be irabazi zituan. Cannes eta Berlinen be sariak eskuratutakoa da Thomas Anderson.

FIPRESCI Sari Nagusia 1999an sortu zan eta harrezkero Pedro Almodóvar, Michael Haneke, Cristian Mungiu, Jean-Luc Godard, Richard Linklater, Roman Polanski, George Miller, Maren Ade eta Aki Kaurismäkiren mailako zinemagileak saritu ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu