'Agur Etxebeste!' grabetan hasiko dira asteon

Bizkaie! 2018-08-27 08:57   Zinemea

2005eko Aupa Etxebeste! film arrakastatsuaren bigarren partea izango da.

'Aupa Etxebeste!' pelikulako irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Bere sasoian euskerazko pelikularik ikusiena izan zan Aupa Etxebeste!, gitxi gorabehera 70.000 lagun joan ziran zinema-aretoetara. Hamahiru urte geroago, istorio haren bigarren zatia egingo dabe Telmo Esnal eta Asier Altuna zinemagileek, Agur Etxebeste! izenburupean, lehenengoaren hariari segidea emoteko.

Plangintzearen arabera, gaur, astelehena, hasiko dabe errodajea, Bergaran. 2005ean Aupa Etxebeste! sortu eban lantalde artistiko eta teknikoa ibiliko da Agur Etxebeste!-n be, Telmo Esnal eta Asier Altuna zuzendariak tartean. Protagonista nagusien papelean Ramon Agirre eta Elena Irureta egongo dira, eta Paco Sagarzazu eta Iban Garate be aktoreen artean dagoz.

Bergaran amaitu eta gero, Gipuzkoako beste herri batzuetan be sekuentzia batzuk grabauko ditue, berbarako, Hondarribian, Zarautzen eta Irunen. Oiartzungo Zinealdeko pabilioian be lan egingo dabe. Sei aste inguruko grabazinoa izango da.

Komedia baltza da Aupa Etxebeste!. Diru barik, oporretan joan ezinda geratutako familia baten istorioa kontetan dau. Bizilagunek bidaian dagozala pentsau deien, euren etxean izkutuan pasauko ditue hainbat egun etxebestetarrek. Agur Etxebeste!-k hari horri eutsiko deutso, lehenengo pelikulea amaitu zan momentuan hasiko da bigarren hau. Telmo Esnal eta Asier Altuna zuzendariek ziurtau dabe film umoretsua izango dala, baina ez txisteetan oinarritua, pertsonaiak egoera bitxietan jarriko ditue.

Nagore Aranburuk parte hartu dau gidoia idazten, Esnal eta Altunagaz batera. Aupa Etxebeste!-k baino drama gitxiago izango ei dau bigarren lan honek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu