Zabaltegi-Tabakalera sailean 18 film dagoz aurten

Bizkaie! 2018-08-22 13:42   Zinemea

Besteak beste, Bi Gan, Hadzihalilovic eta Vernier lehiatuko dira.

Bi Gan txinatarraren 'Di qiu zui hou de ye wan' | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostiako Zinemaldiak jakitera emon ditu Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartuko daben bederatzi pelikula gehiago eta, beraz, orain arte iragarrita egon diranak kontuan hartuta, hamazortzi film lehiatuko dira aurten, luzeak zein laburrak. Zinemaldiko atalik edegiena da honako hau eta horren erakusgarri da aurtengo aniztasuna: Telesailak, fikzinoa, animazinoa, artxiboko materialez egindako piezak... ikusi ahal izango dira.


Gaur iragarritako barritasunak:

Venezian eta Toronton izan ondoren, Zabaltegi-Tabakalera-n aurkeztuko da Kraben Rahu / Manta Ray. Phuttiphong Aroonpheng zuzendari tailandiarraren lehenengo film luzeak arrantzale baten istorioa dakar; basoan zaurituta eta konorte barik dagoan gizon bat salbau, eta berba bako  hartu-emonak garatuko ditu haregaz.

Bi Gan txinatarrak UnCertain Regard sailean estreinau eban bere bigarren film luzea, Di qiu zui hou de ye wan / Long Day’s Journey into Night. Emakume baten bila jaioterrira itzuliko dan gizon bati buruzkoa da.

Cristobal León eta Joaquín Cociña txiletarren stop-motion animazinozko film luzea, La casa lobo, Berlingo eta Annecyko nazinoarteko zinema-jaialdien aukeran sartu da, besteak beste, eta hainbat aitamen eta sari jaso ditu. León eta Cociñaren debutak kolonia batetik iges egin dauen gazte baten istorioa dakar.

Cannes Classics sailetik, ostera, Jane Magnusson suediarraren Bergman –ett ar, ett Liv / Bergman– A Year in a Life dator Zabaltegi-Tabakalerara, Ingmar Bergman zinemagile ospetsuaren lan-ibilbideko urte garrantzitsuenetako baten barri emoteko.

Bigarren film luzea dakar Virgil Vernier frantziarrak: Sophia Antipolis, Cineasti del Presente sailean estreinautakoa. Mediterraneoaren, basoaren eta mendiaren arteko lurralde bitxi baten bizi dan komunidade bat aztertzen dau bertan.

Bost film luze horreekaz batera, lau labur be aitatu beharrekoak dira gaur iragarritako zerrendan: De Natura (Lucile Hadzihalilovic), The Men Behind the Wall (Inés Moldavsky), Sobre cosas que me han pasado (José Luis Torres Leiva) eta Song for the Jungle (Jean-Gabriel Périot).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu