Hamazazpi proiektu Europa-Latinoamerika VII. Koprodukzino Foroan
2018-08-10 11:34 ZinemeaIrailaren 23tik 26ra egingo dabe topaketea, Donostiako Zinemadiak antolatuta.
Europa-Latinoamerika Koprodukzino Foroaren helburua da, kontinente bien arteko zubiak eregi eta proiektu zinematografikoak bultzatzea. Ganera, zinemagintzako profesionalentzako alkargunea da Zinemaldian, hitzarmen profesionalak sustatu eta esperientziak partekatzeko. Aurtengo edizinoa zazpigarrena izango da eta 223 egitasmok emon dabe izena, igaz baino % 34 gehiagok.
Horreen guztien artetik, hamabi herrialdetatik etorritako hamazazpi proiektu aukeratu ditue antolatzaileek. Argentina, Belgika, Brasil, Danimarka, Espainia, Frantzia, Guatemala, Italia, Kolonbia, Mexiko, Suitza eta Txiletik datoz proposamenok. Besteak beste, anorexia, lehenengo maitasuna, identidadea eta emakumezko gerrillariak izan dira edizino honetako lanen inspirazinoa.
Aukeratutako proiektuen artean, zinemagileen lehenengo edo bigarren filmak dira bederatzi proiektu. Film luzeen alorrean estreinau dira Paula Un Mi Kim eta Clara Roquet. Bigarren film luzea dakarrenen artean, Lara Izagirre zornotzarra aitatu behar da: Zinemaldian bertan estreinau eban Un otoño sin Berlin lehenengo lana eta orain bigarrena egiten dabil, Ane & Peio, maitasun istorio bat piper artean. Pepa San Martin, Moroco Colman, Emiliano Torres, Clarisa Navas eta Matthias Huser be ibilbide oparo baten hasikeran dagoz.
Horrezaz gan, ibilbide luzea daukien beste zinemagile batzuen proiektuak aukeratu ditue VII. Koprodukzino Fororako, Albertina Carri, Stefano Passeto, Priscila Padilla eta abar. Lony Welter-en La Lluvia da hamazazpi aukeratutakoetako bat, baina ez da proiektu onenaren saria irabazteko hautagai izango, antolatzaileek zehaztu dabenez.
Koprodukzino barriei bidea egiten laguntzea da Foroaren zeregina eta aurreko edizinoetan arrakastea izan dau: Martín Rodríguez Redondoren Marilyn, Sebastián Schjaerren La omisión eta Agustín Toscanoren El motoarrebatador jaialdirik jialdi dabiz azkenaldion, aurreko urteetan Foroan parte hartu eta gero.
Zazpi urtean, industria-jarduera erabat finkatua bihurtu da Foroa, inskripzino kopurua handitu dalako, baina baita parte hartzen daben zinemagile eta produktoreen profilari esker be; talentu barriak zein figura entzutetsuak erakarten ditu, azpimarratu dau José Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiaren zuzendariak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!