'Las herederas' filmari Sebastiane Latino saria emongo deutsie Zinemaldian
2018-08-08 11:15 Zinemea2018ko Latinoamerikako LGTBI pelikularik onena izentau dabe Marcelo Martinessiren hau.
Europa eta Hego Amerikako hainbat herrialderen arteko koprodukzinoa da Las herederas, Marcelo Martinessi paraguaiarrak zuzendua. LGTBI gaiak jorratzen dituan 2018ko film latinoamerikarrik onena dalakoan, 6. Sebastiano Latino saria emongo deutso Gehitu alkarteak irailean, Donostiako Zinemaldiaren barruan. Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen alkartea da Gehitu.
Sebastiane Latino sariaren epaimahaiak azaldu dauenez, Marcelo Martinessi zuzendariak bikote lesbiko bat ikusiarazotea erabagi dau Las Herederas pelikulan, Chelaren askapen-istorio personala kontetan dau. Erakusten dau Paraguaiko potere legegileak ez dauela aintzat hartzen eta babesten herrialde haretako aniztasun afektibo-sexuala. Eta salaketa bat be egiten dau: LGTBI bikoteek legezko onarpenik ez dabenez, ezkontideak eskubide barik geratzen dira kidea gaixorik edo preso dagoanean, dino epaimahaiak.
Ganera, zera nabarmendu dau: Latinoamerikako hiru herrialderen eta Europako beste hiruren arteko koprodukzinoak lan zinematografiko sendoak egiteko aukerea emoten dau, munduko edozein txokotan, Marcelo Martinessik eta bere lantaldeak frogatu daben legez. Pelikulea egin dauen lantaldean parekidetasuna bilatu izana be txalotu dau epaimahaiak, eta, aurreretxiak aurreretxi, erabagi horrek ez dauela kalidadean txarrerako eragin azpimarratu dau.
Urtero legez, sari banaketea Donostiako Zinemaldian egingo dabe. Igaz Una mujer fantástica-k irabazi eban 5. Sebastiane Latino saria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!