Muriel Box zuzendariaren film luze guztiak Zinemaldian ikusgai
2018-08-03 09:31 ZinemeaSortzaile britainiarrari eskainiko deutsie aurtengo atzera begirakoa.
Donostiako Zinemaldiaren 66. edizinoak Muriel Box (Surrey, 1905-Londres, 1991) zuzendari eta gidoigile britainiarrari atzera begirako ziklo zabala eskainiko deutso. Besteak beste, Boxek sortutako 28 lan luzeak proiektauko ditue.
Zinema independentearen eremuan kokatu leiteke Muriel Boxen lana, genero klasiko ugari landu zituan arren. Gai konplexuak edo debekatuak sarri eroan zituan pantaila handira, esate baterako, prostituzinoa, abusuak eta abortua. Bere obrearen zatirik esanguratsuena 1945 eta 1964 urteen artean sortu eban Boxek eta, beraz, sasoi haretako ikuspuntua kontuan hartuta, ausardiaz jokatu ebala esan leiteke.
Zinemaldiko arduradunek esan dabenez, Muriel Boxen obrea berriskustea ezinbestekoa da, emakume zinemagileek egindako ekarpena perspektiba feministatik aztertzeko eta Boxi historian jagokon lekua emoteko. Izan be, orain arte gitxitan aitatu izan da zinemagintzearen bilakaerea aztertzen daben argitalpen eta ikerlanetan.
Violette Muriel Baker zan bere jatorrizko izena, baina Muriel Box izena hartu eban ezkondu zanean. Senarragaz batera, produkzino-etxea sortu eban Bigarren Mundu Gerrearen sasoian eta antzezlan batzuk be idatzi zituan. Betty Box ahizta produktoreagaz sarri ibili zan alkarlanean. 1950eko hamarkadan hasi zan Muriel Boxen arorik oparoena, emakumeen kontrako aurreretxi ugari gainditu behar izan bazituan be. Bestetik, gidoigintzan be nabarmendu zan. Jatorrizko Gidoirik Onenaren Oscar saria irabazi eban 1946an, The Seventh Veil filmagaitik.
Muriel Boxen atzera begirakoaren osogarri, Quim Casasek eta Ana Cristina Iriartek koordinautako liburua plazaratuko dau Zinemaldiak. Ganera, Donostian erakutsi eta gero, atzera begirakoa Madrilen, Lyonen eta Valentzian emongo dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!