Argentinako 'El amor menos pensado' filmak zabalduko dau Zinemaldia

Bizkaie! 2018-08-01 12:50   Zinemea

Juan Verak zuzendutako pelikulea Urrezko Maskorra irabazteko lehian egongo da.

Mercedes Morán eta Ricardo Darín, 'El amor menos pensado' filmean | Ikusi handiago | Argazki originala

Irailaren 21ean hasiko da 66. Donostiako Zinemaldia eta antolatzaileek aurreratu dabe zein pelikulak izango dauen aurtengo edizinoa zabaltzeko ardurea. Argentinatik etorritako film bat aukeratu dabe oraingoan, El amor menos pensado. Zuzendu dauen lehenengo lana hau dan arren, Juan Verak eskarmentu luzea dauka zinemagintzan, produktore eta gidoigile ibili da eta.

El amor menos pensado lanak Argentinako aktore ezagunak batu ditu, tartean Mercedes Morán eta Ricardo Darín. Azken horrek Donostia Saria irabazita dauka, eta film honetako produktore be bada. Morán, ostera, bere herrialdeko aktorerik beterano eta ezagunenetako bat da. Aurten beste film bat, El ángel, be estreinau dau eta hori Zinemaldiko Perlak sailean ikusi ahal izango da.

Inaugurazinoan ikusiko da El amor menos pensado eta, horrezaz gan, Sail Ofizialaren parte izango da. Hortaz, Urrezko Maskorra irabazteko hautagaietako bat da Veraren lana.

25 urtez ezkonduta egon eta gero, krisialdian sartu eta banandu egin dan bikote bat da pelikula honen ardatza. Maitasuna, desioa eta denporearen joanaren inguruko gogoetea eskaintzen dau. Aitatutako Mercedes Morán eta Ricardo Darín protagonistakaz batera, beste aktore honeek be agiri dira: Claudia Fontán, Luis Rubio, Andrea Pietra, Jean Pierre Noher, Claudia Lapacó, Chico Novarro, Andrea Politti, Gabriel Corrado, Andrés Gil, Mariú Fernández, Norman Briski eta Juan Minujín.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu