Bollaín, Lacuesta, Sorogoyen eta Vermut, Urrezko Maskorra irabazteko lehian
2018-07-20 11:40 ZinemeaTelmo Esnalen Dantza filma aurtengo Donostia Zinemaldiko Proiekzio Berezien atalean ikusi ahal izango da.
Gaur, Arteen eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren egoitzan, 66. irailaren 21etik 29ra bitartean Donostia Zinemaldian ikusi ahal izango diran hemeretzi film aurkeztu ditue, Espainian egindakoak guztiak. José Luis Rebordinosek, Zinemaldiaren zuzendariak, eta Ruth Pérez de Anucitak, Komunikazino arduradunak, Sail Ofizialean, New Directors, Zabaltegi - Tabakalera eta Perlak sailetan aurkeztuko diran filmen izenburuak jakinarazo ditue.
Icíar Bollaín (Madril, 1967) hirugarrenez lehiatuko da Urrezko Maskorra irabazteko, Yuli filmagaz. Sail Ofizialean aurkeztutako Te doy mis ojos (2003), eta Laia Marull eta Luis Tosar protagonistek Zidarrezko Maskor bi eroan zituen; ondoren, Mataharis (2007) ekarri eban, eta orain, Yuli-n, Londreseko Royal Ballet-eko jantzari nagusi bihurtu zan lehen baltzaren historiari heldu deutso Paul Lavertyk Carlos Acostaren No Way Home kontakizun autobiografikoa oinarri hartuta idatzitako gidoiagaz.
Isaki Lacuesta (Girona, 1975) be hirugarrenez lehiatuko da Urrezko Maskorra irabazteko, baina laugarrenez parte hartuko dau Sail Ofizialean, izan be, Murieron por encima de sus posibilidades lehiaketaz kanpo aukeratua izan zan. Lacuestak badaki zer dan Zinemaldiko sari nagusia irabaztea, Los pasos dobles (2011) filmari esker; orain Entre dos aguas dakar, zuzendariaren lehenengo filmetako batean (La leyenda del tiempo), nerabe ziranean, agertzen ziran anaia ijito bik protagonizautako filma.
Carlos Vermutek (Madril, 1980) be Urrezko Maskorra dauka irabazitako sarien zerrendan, bigarren filmagaz –Magical Girl (2014)– irabazi ebalako. Berak idatzitako Quién te cantará obran, Najwa Nimri, Eva Llorach, Carme Elías eta Natalia de Molina aktoreak batu ditu eszenatokietara itzuli baino apur bat lehenago oroimena galduko dauen abeslari baten istorioa kontetako.
Rodrigo Sorogoyen (Madril, 1981) bigarren aldiz sartu da Sail Ofizialeko aukeran. 2016an, Que Dios nos perdone-ri esker, gidoi onenaren saria eroan eben zuzendariak eta Isabel Peñak. El Reino, bere lan barriena, Antonio de la Torrek protagonizetan dau, ustelkeria-konplot batean nahastautako politikari bat hazurmarmituta.
Bigarren urtez jarraian, telesail bat sartu da Sail Ofizialeko aukeran. La peste-ren (Alberto Rodríguez) ondoren, Enrique Urbizuk (Bilbo, 1962) eta Jorge Doradok (Madril, 1976) zuzendutako Gigantes aurkeztuko dau Zinemaldiak, lehiaketaz kanpo. Urbizu Sail Ofizialean lehiatu zan 2012an bere azken filmagaz (No habrá paz para los malvados), eta orain be José Coronado zuzenduko dau.
Proiekzino berezien atalean, Telmo Esnalen azken lana dogu, Jantzea, Glocal in Progress Industria sariaren irabazle izandakoa Europan hizkuntza ez-hegemonikoetan egindako produkzinoetarako jarduerearen lehen edizinoan. Esnalek (Zarautz, Gipuzkoa, 1966) lehenengo aldiz parte hartuko dau Sail Ofizialean; aurrez, New Directors sailerako aukeratu eben, Asier Altunagaz batera zuzendutako Aupa Etxebeste (2005) eta Urte berri on, amona (2009) filmei esker. Lehenengoagaz, ganera, Gazteriaren saria irabazi eban.
Proiekzino berezien artean sartuko da José Luis Cuerdaren laugarren parte-hartzea Sail Ofizialean (Albacete, 1947), Pares y nones, El bosque animado eta La lengua de las mariposas aurkeztuak dituanez Donostian. Zuzendari, gidoilari eta produktoreak Tiempo después estreinauko dau, Amanece, que no es poco obrearen ondorengoa.
Sail Ofizialeko parte-hartzeari New Directors sailerako iragarritako Espainiako produkzinoak gaineratu behar jakoz: Koldo Almandozek (Donostia, 1973) bere bigarren film luzea, Oreina, ekarriko dau, lehena, Sipo Phantasma, Zabaltegin aurkeztu eta Rotterdamen estreinau eta gero; Elías León Siminianik (Santander, Espainia, 1971), Mapa-gaz Goya izentapena eskuratu ebanak, Apuntes para una película de atracos aurkeztuko dau; Celia Rico Clavellinoren (Sevilla, 1982) lehenengo film luzeak, Viaje al cuarto de una madre izenekoak, Lola Dueñas eta Anna Castillo ditu protagonista; eta Argentinagaz eta Kubagaz baterako produkzinoa, Para la guerra, Francisco Mariseren (La Plata, Argentina, 1985) lehenengo film luzea da eta Javier Rebollo zinemagileak parte hartu dau muntaian eta produkzinoan.
Ikusmira Barriak egonaldi programearen lehenengo edizinoan parte hartutako Xacio Bañoren Trote eta Federico Veirojen Belmonte filmagaz batera beste hiru lan sartu dira Zabaltegi-Tabakalerako programazinoko aukeran: Lola Ariasen (Buenos Aires, 1976) Teatro de guerra film luzea, Malvinetako gerrako ingeles eta argentinar beteranoen arteko alkarrizketakaz egina, eta film labur bi, Maddi Barberren (Iruña, 1988) 592 metroz goiti, 2018ko Kimuak-en sortakoa, eta Elena López Rieraren (Orihuela, Alacant, 1982) Los que desean, abuztuan Locarnoko zinema-jaialdian lehiatuko dana.
Eta Perlak sailean jakinarazotako Raúl de la Fuente eta Damián Nenow zuzendarien Un día más con vida / Another Day of Life eta Luis Ortegaren El ángel filmei Jaime Rosalesen (Bartzelona, 1970) Petra gehitu jake, estreinaldia Canneseko aurreko edizinoko Errealizadoreen Hamabostaldian izan eta gero. 2008an, Tiro en la cabeza lanagaz Urrezko Maskorra irabazteko lehiatu eta Fipresci saria eskuratu eban Rosalesek. Film honetan, Bárbara Lennie eta Alex Brendemühl ditu protagonista, eta Rosales bera, Clara Roquet eta Michel Gaztambide gidoilari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!