Euskaltzaindiak eta SAF-k 'Euskerearen erabilerearen gakoak' gaia jorratu dabe Bilbon
2018-07-12 09:27 KultureaEAE, Nafarroa eta Iparraldeko hizkuntza politikako eta euskal kulturako berrogeita hamar bat arduradunek parte hartu dabe.
Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazinoak antolatutako Euskerearen erabilerearen gakoak mintegia izan da gaur goizean Bilbon.
EAE, Nafarroa eta Iparraldeko hizkuntza politikako eta euskal kulturako berrogeita hamar bat arduradunek parte hartu dabe mintegian.
Antolatzaileek ohar batean adierazo dabenez, euskereak azken hamarkadetan aurrerakada handia egin dauen arren, erabilereak ez dau horrenbeste egin. Arrazoiak ugariak dira: euskararen densidade demolinguistikoa, hiztun barrien hizkuntza gaitasuna, euskerea berabilteko dituen egiazko aukerak, ohiturak eta abar, Sabino Arana Fundazinoaren arabera.
Jardunaldia edegiteko, Sabino Arana Fundazinoaren Bilboko egoitzan izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Andres Urrutia euskaltzainburua; eta Juan Maria Atutxa Sabino Arana Fundazinoaren presidentea.
Gai horreek guztiak hartu ditue berbagai gaur eguena, hilak 12, Fundazinoak Bilbon dauen egoitzan, 09:00etatik 13:30era.
Bingen Zupiriak nabarmendu dau euskerearen erabileran eragiten daben alderdiak aintzat hartu behar dirala: Euskereak azken hamarkadatan izan dauen bizibarritzea gertatu da euskal gizartearen ekin sendoagaitik eta, horri esker, euskereak milaka hiztun irabazi ditu. Euskerearen ezagutzeak gora egin behar dau oraindino be, baina, gaur egun, erabilerea areagotzean egin behar da indarra, adierazo dau.
Eusko Jaurlaritzako sailburuaren eretxiz, hiztunen ezaugarriak biziki aldatu dira eta, euskararen erabilera bultzatzeko politikei ekiterakoan, eragin handieneko alderdiak aintzat hartu behar ditugu. Euskaraz hitz egiteko erraztasuna eta ingurune hurbila ditugu nagusiak, baina badira eragiten duten beste alderdi esanguratsu batzuk. Horregaitik, Bingen Zupiriak nabarmendu dau erakundeek lan egin behar dabela euskerearen erabilereak gora egin daian datozen urteotan, gorakada hori lortzeko agiriko ahalmena daukagulako.
Beste alde batetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak gogorarazo dau euskerearen erabilerea Euskaltzaindiaren ardurea izan dala erakundea sortu zanetik. Urrutiaren esanetan, Euskaltzaindiak hizkuntzearen erabilerea bultzatzen jarraitzen dau gaur egun. Euskaltzainburuak adierazo dauenez, sakontasun eta zabaltasunez erabili nahi dogu euskerea, hizkuntzeari gizarte moderno batean jagokozan eginkizunak beteteko helburuz. Euskerea erabili bai, hainbat leku eta gunetan, hainbat testuinguru eta erregistrotan erabili bere; hau da, euskara osotasunez, era egoki eta berezkoan erabili nahi dogu. Eta, horretarako, lan handia dago egiteko, batez be, euskera batuaren ikusmoldetik.
Horren haritik, euskaltzainburuak azaldu dau bide horretatik doala Euskaltzaindia, eta Euskaltzaindiak berak antolatu dauen jardunaldian, urrian eta Arantzazun egingo danak, balio leike mende lauren honetan euskera batua gizartean zelan zabaldu dan ikusteko, baina, batez be, etorkizuneko erronkak zeintzuk diran atzemoteko balio behar deusku.
Beste alde batetik, Sabino Arana Fundazinoko lehendakari Juan Mª Atutxaren aburuz, erronka nagusia euskerearen jakintzearen eta erabilerearen arteko aldea murriztea da. Horretarako, Atutxaren ustez, badira giltzarri bi: alde batetik, euskerea erabiltea ahalbidetzen daben politika publikoak ezartzea eta, bestetik, hiztunen nahia.
Erronka horreez gan, Sabino Arana Fundazinoko buruak Euskaraldia ekimena aitatu dau. Ekimena hamaika egunetan garatuko da udagoienean euskerearen lurralde guztietan eta, horren bitartez, erakundeen zein gizartearen ahalegin guztiak batu nahi dira, guztion euskereagazko konpromisoa sendotzeko helburuz.
Euskararen erabileraren gakoak mintegi honetako parte-hartzaileen eretxiz, argi dago euskerearen ezagutzeak nabarmen egin dauela gora azken urteotan, baina erabilera ez da neurri berean indartu, besteak beste, hiztunen hizkuntza-ohiturakaitik.
Lehen mahai-inguruan, Jon Aizpuruak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Plangintza eta Azterlanetako arduradunak; Euskal Herriko Unibersidadeko Garbiñe Beraziartua eta Beñat Muguruza irakasleek eta Joxerra Gartzia idazle eta kazetariak ondoko gaia jorratu dabe: Euskeraz jakin arren, erabilteko mugak eta oztopoak. UPV/EHUko irakasle Ibon Manterolak bideratuko dau ondoko eztabaida-saioa.
Jarraian, Miren Dobaran andreak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak; Mikel Arregi jaunak, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskerearen Nafar Institutuaren zuzendari nagusiak; eta Joseba Erremundeguy jaunak, Euskerearen Erakunde Publikoaren Misino Kargudunak, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian garatzen dagozan Euskerearen erabilerea sustatzeko politika publikoak izango ditue ardatz. Euskaltzaindaiko idazkariordeak, Erramun Osak bideratuko dau ondoko eztabaida-saioa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!