Bilboko Injinerutza Eskolako Formula Student kotxea martxan

Bizkaie! 2018-07-12 08:27   Kulturea

Injinerutza Eskolea hamargarren aldiz lehiatuko da Silverstone nazinoarteko lehiaketan munduko beste zenbait unibersidadegaz, barrikuntzea eta talentua sustatzen dituan ekimenean. Garagarrilaren 11tik 15era Silverstone-n eta abuztuaren 23tik 26ra, Montmelo-n lehiatuko da munduko hainbat unibersidadek egindako beste auto askogaz.

Bizkaia Student Formularen 2018ko autoa elektrikoa da, karbono zuntzezko kroskobakarreko txasisa dauka eta 3 metroko luzerea, 1,5 metroko zabalerea, 1,2ko altuerea eta 230 kiloko pisua. Bere binakako motorrak 80 kilowatteko potentzia dauka, hau da, 110 zaldiren baliokidea eta puntako abiaduran 110 kilometro ordura heltzen da, azelerazinoa 0tik 100era hiru segundotan lortzen dauelarik. Kotxearen bateriek 22 kilometrotako autonomia eskaintzen dabe potentzia gorenean.

Ikasleek hilebete asko behar izan ditue jarleku bakarreko ibilgailu hau diseinau eta egiteko, herrialde askotako etorkizuneko injineruek garatutako beste autoakaz lehiatzeko kapaz izango dana. Prototipo barria egiteko autoaren oinarrizko hiru aldeen berdiseinu osoa egin dabe: txasisa eta aerodinamikea aldatu eta lehenengo aldiz batera diseinau dira. Horri esker, aire fluxua errazagoa da, hotzitzeko sistemea hobetu egingo da, eta bihurguneetan autoaren oratze mailea handitzea lortuko da. Bestalde, trakzino sistemearen diseinua goitik behera barriztau da bolumena gitxitzeko eta, horri esker, pisua arintzeaz gan, pilotuarentzat espazio gehiago eta ergonomia hobea lortu dira.


Helburua: Silverstoneren lehenengo 20ren artean egotea

Oraingo nazinoarteko lehiaketeari begira, helburua da, batetik, lehenengo 20en artean sailkatzea eta, bestetik, Bussiness Case proban irabazitako lehenengo postuari eustea. Bigarren hori garrantzitsua da, ikasleek garatutako eta proiekzino komertzial handiena dauen prototipoa izan zalako, munduan zabalkunde handiena dauen UK Silverstoneren nazinoarteko lehiaketan. Montmelon, helburua estadu mailako talderik onena saria irabaztea da, sailkapen orokorrean lehenengo laurenean be geratzeaz gan. 2014, 2015 eta 2016an estadu mailako lehenengo taldearen saria jaso eben, eta ibilgailurik eragingarriena Montmeloko lehiaketan.


FSB2018 taldea: Talentu handiko kidez osotutako taldea

Bilboko Injinerutza Eskoleak hamar urte baino gehiago daroaz diziplina anitzeko hezkuntza proiektu honegaz. Helburua ikasleen barrikuntzarako eta asmakizunetarako gaitasunak lantzea da, eta, aldi berean, euren prestakuntzea hobetzea zein etorkizunean lana lortzeko aukerak handitzea. Hori guztia proiektuetan oinarritutako metodologia barritzailearen bidez.

Orain arte, 500 ikasle inguruk izan dabe ekipo honetan parte hartzeko aukerea: urtero auto bat diseinau eta eregiteko erronkeari eusten deutso, eta munduko unibersidadeen arteko txapelketa garrantzitsuetan lehiatzen da.

Aurten Bizkaia Student Formula taldean 45 ikasle dagoz, erdia Industri Teknologiako gradukoa, % 15 Injinerutza Mekanikokoa, % 8 Injinerutza Elektroniko Industrial eta Automatikokoa, % 5 Injinerutza Elektrikokoa, % 5 Antolakuntza Industrialekoa eta % 2 Telekomunikazinoko Injinerutzakoa. Horreez gan, honako masterretako ikasleek be hartu dabe parte: Industriala, Telekomunikazina, Kontrol Injinerutzea, Automatizazinoa eta Robotikoa eta Injinerutza Mekanikoa.

Charles Pinto, Asier Zubizarreta, Javier Corral eta Mikel Diez irakasleen gainbegiraletzea izan dabe eta taldeburua (Team Leader) Asier Beaskoetxea izan da. Silverstonen garagarrilaren 11tik 15era eta Montmelon, barriz, abuztuaren 23tik 26ra lehiatuko dira.

Autoa diseinau eta egiteko 200.000 euroko aurrekontua izan dabe eta horretarako Bizkaiko Foru Aldundia, AIC-Automotive Intelligence Center, Bilboko Udala, Sener, Batz, Aludium, Alunid, Ingemat, Inarak, Irizar, Danobat eta Injinerutz Eskolea bera izan dira babesle nagusiak, baita 50 enpresa laguntzaile eta hemengo 15 lanbide eskola be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu