Hezkuntza Sailaren eta Euskaltzaindiaren arteko koordinazinoa indartzeko akordioa
2018-07-11 12:23 KultureaAlkarlana euskerearen eta euskal kulturearen sorkuntzarako proponidutako egitasmoen inguruan gauzatuko da.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidenteak erakunde bien arteko akordio berri bat sinatu dute gaur goizean Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian.
Akordioak Euskaltzaindiaren eta Hezkuntza Sailaren koordinazinoa eta lankidetzea indartu gura dau, Hezkuntza Sailak azken hamarkadetan martxan dauen EIMA programearen bitartez. Eusko Jaurlaritzeak, Unibersidade aurreko euskerazko ikasmaterialgintzea babesteko, indartzeko, garatzeko eta diruz laguntzeko eratu eban EIMA programea, Euskerearen Normalizazinorako Legean oinarrituz.
Martxan jarri zanetik gaur arte, Euskaltzaindiak eta EIMA bultzatzen daben Hezkuntza Saileko Euskera zerbitzuko arduradunek bultzatu izan dabe alkarlana; argitaratzen joan izan diran ikasmaterialak egokiak eta kalidadezkoak ziran ziurtatzeko batez be.
Orain sinatutako hitzarmenak, bien arteko alkarlana sakontzeko aukerea eskainiko dau. Erakunde bion arteko alkarlana euskerearen eta euskal kulturearen sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proponidutako egitasmoen inguruan gauzatuko da, besteak beste, Euskaltzaindiak euskerearen batasunerako bidean emondako eta emoten dituan arauen, gomendioen eta erizpenen zabalkunderako; Euskaltzaindiak abian dauen Euskera Batuaren Eskuliburua egitasmoan lankidetzan ibiliko dira erakunde biak; EIMAk Euskera Batuaren Eskuliburua egitasmorako baliogarria izan daitekezan materialak Euskaltzaindiaren esku jarriko ditu, Euskaltzaindiak, beharrezko iruditu ezkero, erabili daizan; EIMAk egiten dauen ikasmaterialen hizkuntza-kalidadearen ganeko lanean Euskaltzaindiagazko koordinazinoa ahalbidetzeko; Hezkuntza Saileko Euskera zerbitzuak dituan eta jasoten dituan zalantzak konpartidu eta bideratzeko; eta alde biek Euskaltzaindia garatzen dagoan Lexikoaren Behatokia elikatzeko asmoz, EIMAk argitaraturiko euskerazko testu-multzoa erabilteko adostasuna erakusten dabe.
Bestetik, akordio honek beste eduki batzuk be jasoten ditu: Euskaltzaindiak euskerearen arloan ezarritako arauak eta proponidutako gomendioak zabaltzeko konpromisoa, EIMAk bere eguneroko jardunean sortzen dituan materialetan, bai eta antolatzen dituan ekintzetan, Euskaltzaindiaren erispideakk aintzat hartzeko konpromisoa, EIMAren konsulta eta iradokizunak Euskaltzaindiari bideratzea, sinatzaileek argitaratutako argitalpenak alkarren artean trukatzea, edota euskerearen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazinoan eta sentiberatzean egitasmoak konpartiduteko konpromisoa.
Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu dauenez, hezkuntzea klabea da hizkuntza baten zabalkunde eta indartze prozesuan. Horregaitik, akordio honek berebiziko garrantzia dauka Akademiarentzat. Mendeurrenaren harira, Euskaltzaindiak argi ikusten dauelako euskerearen batasunerako bidean emondako eta emoten dituan arauen, gomendioen eta erispenen zabalkunderako Hezkuntza prozesuek daben irismena eta indarra. Ganera, Hezkuntza eragileakaz batera jokatu nahi dau Euskaltzaindiak, horreen guztien ekarpenak jasotea oinarrizkoa baita, gerora euskerearen aurrerabidean zeresana izango dabelako.
Uriarte Sailburuaren esanetan, pentsauko dozue ze garrantzitsua dan gure gazteek, gure ikasleek, behar bezelako materialak izatea; euskeraz ondo landutakoak, araudia betez. Eta ahalik eta gai eta eduki gehienetara heltzeko. Hizkuntza baten normalizazino prozesuan gauza gitxi izango dira hau baino garrantzitsuagoak (...) Hori da, hain zuzen be, gaur adostutakoaren helburua. Euskerazko ikasmaterialak lantzen jarraitzea, Euskaltzaindiak emoten deuskun bermeagaz.
Uriarte Sailburuak eta Urrutia Presidenteak sinatutako hitzarmenak hiru urteko iraupena izango dau, iraupen bereko ondoko epealdietan luzatu ahal izango dalarik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!