Martian hasiko da martxan 2deo, euskerazko edukiak sortzeko laborategia

Bizkaie! 2018-07-11 09:08   Kulturea

Hasierako fasea Iban Arantzabalek koordinauko dau.

Onartu barria da 2deo proiektua, hau da, euskerazko ikus-entzunezko edukiak sortzeko Tabakalerako laborategia, Etorkizuna Eraikiz foru-programearen bidez sustatua. Bart, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak oneretxia emon dau kultura-zentroari 980.000 euroko diru-laguntzinoa emoteko, proiektu hori martxan jarri daian. Datozen hileotan emongo da argitara proiektua, eta hasierako fasea Iban Arantzabalek koordinauko dau. Gipuzkoako diputadu nagusi Markel Olanok adierazo dau onarpen hori oso garrantzitsua dala, 2deo abiarazoko dauen mugarria izango dalako: Igazko abenduan aurkeztu genduan diseinua, eta martian, barriz, laborategiaren proiektua Tabakalerara eroan genduan; orain, proiektua errealidade bihurtzeko beharrezko baliabideak jarri doguz, azaldu dau.

Foru-arduradunak prentsaurreko batean parte hartu dau Donostian, eta han izan dira Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendaria, eta Iban Arantzabal, 2deo-ren hasierako fasea koordineteaz arduratuko dan personea. Prentsaurrekoan, hartutako erabagien barri emon dabe. Laborategiaren proiektua Etorkizuna Eraikiz programearen barruan diseinau eta abiarazo da. Foru Aldundiak sustatzen dau programa hori, Gipuzkoaren etorkizuna gipuzkoarrakaz batera eregiteko asmoz, eta Eusko Jaurlaritzeak eta Donostiako Udalak babesa emoten dabe. Hurrengo martian, Tabakalerak 2deo zentroaren berezko jardueren barruan sartzea onartu eban, eta, beraz, aurrerantzean laborategiak bere jardunbidea izango dau, eduki kulturalak sortu eta zabaltzeko ingurune aproposean.

Gaur egungo gazteek gero eta ikus-entzunezko produktu gehiago konsumiduten ditue, eta euskerearen etorkizuna bermatu nahi badogu, gure hizkuntzeak lekua egin behar dau esparru horretan', azaldu dau diputadu nagusiak. Esangura horretan, erantsi dau horixe izan dala beti 2deo proiektuaren abiapuntua: 'Gogor ahaleginduz eta sektoreagaz lan eginez, euskereak leku hobea izango dau ikus-entzunezko eduki barrien eremuan, seguru nago horretaz. Eta, ahalegin horretan, 2deo-k funtsezko zeregina bete behar dau, edukiak sortuz eta euskerazko ikus-entzunezkoen ekosistemea dinamizauta, azaldu dau.

UPV/EHUk Aldundiarentzat eginiko azterlan baten arabera, gazteek gaztelaniazko ikus-entzunezko produktuak konsumiduten ditue, batez be alternatibarik ez dabelako eta euskerazko edukirik ez dagoalako. Halan da guztiz be, gazteak ikus-entzunezko produktuak euskeraz konsumidutearen alde dagoz. 2deo-k, horrenbestez, hutsune hori beteteko erronkeari aurre egin nahi deutso: Ikus-entzunezko produktuak gero eta gehiago konsumiduten dira, eta, hori kontuan harturik, ezinbestekoa da euskerearen presentzia areagotzea, bai hizkuntzearen erabilerea handitzeko bai euskal kulturearen eta gure nortasunaren transmisinoa eteteko mehatxuari aurre egiteko, ohartarazo dau Olanok.


Laborategia

Iban Arantzabalek (Elgeta, 1975) zuzenduko dau 2deo laborategia martxan jarteko prozesua. Arantzabalek berak koordinau dau hausnarketa-aldia euskerazko ikus-entzunezkoen sektoreagaz batera, eta horri esker diseinau ahal izan da proiektua.

Laborategiari jagokonez, Aldundiak Tabakalerari emondako 980.000 euroko diru-laguntzinotik 400.000 laborategiko azpiegiturea martxan jarteko erabiliko dira. Laborategia kultur zentroaren lehen pisuan egongo da, gaur egun Erakusketa Aretoa dagoan lekuan. Areto hori lekuz aldatuko da eta eraikinaren lehen pisuan dagoan beste gune batean kokatuko da.

2deo-k 500 metro inguruko instalazinoak izango ditu, modu dinamikoan, eskalagarrian eta sortzen diran beharretara egokitzeko modukoan egituratutakoak. Espazio edegiak izango ditu, alkarrekintzea ahalbidetzeko, baita ikuskaldietarako eta edizinorako guneak eta laborategiko langileek lan egiteko tokiak be: Ateak beti zabalik egongo dira herritarrentzat; edonoiz sartu ahal izango dira gune honetan zer eta zelan egiten dan ikustera, esan dau Arantzabalek.

2deo sustatu daben eragileek azaldu dabenez, egokitzapen-lanak urte amaieran hasiko dira: Datorren martirako laborategia erabilgarri egotea espero dogu, eta ikasturte hasierarako hainbat arlotako lehen deialdiak egiteko moduan egongo gara, azaldu dau 2deoren arduradunak. Laborategiko langileei jagokenez, Arantzabalez gan garapen arduradun bat kontratetea aurreikusi da.

Zinema eta ikus-entzunezkoak Tabakaleraren ardatz nagusietakoak dira dagoeneko, eta 2deo laborategia Donostiako Zinemaldiagaz, Euskadiko Filmategiagaz eta Elías Querejeta Zinema Eskoleagaz batera osotzen dogun egitasmoa aberastera dator, azaldu dau Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusiak.

Bestalde, Ormazabalek azaldutakoaren arabera, Tabakaleraren helburuetako bat sormena eta sorkuntzea sustatzea dan neurrian, 2deo laborategia tresna aproposa izango da. Tabakaleraren asmoa ikus-entzunezko arloan lanean dabizen sortzaileentzat eta ikus-entzunezko industriaren sektorearentzat erreferente bihurtzea da, eta baliabideak eskaintzea proiektuak sortzeko, garatzeko eta ikusarazoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu