23.300 lagun, 2017an baino % 12 gehiago aurten Bilboko Kalealdian
2018-07-10 13:38 KultureaBatutako 1.528 euroak La Cuadri del Hospi-ri, guraso alkarteari, emongo jakoz.
Bilboko Udalak antolatutako Kalealdia erreferentziazko hitzordu lez finkatu da. Programautako ikuskizun kopuruak gora egiteaz gan, igazko 58tik aurtengo 65era, eguraldi egonkorragoak be eragina izan dau ikus-entzuleen erantzun bikainean. Esangura horretan, aurten hiru baino ez dira izan euriaren ondorioz bertan behera itxitako saioak, danak be eguaztenean, hilaren 4an. Zehatzago esanez, eskaini ezin izan diran saioak Mystérieuses Coiffures, Circ Panic eta Maduixa konpainienak izan dira.
Ikus-entzule gehien batu zituen ikuskizunak Rosie Volt eta Saseo Cie izan ziran, eta bien agertokia Arriaga plazea izan zan. Era berean, Casilda Iturrizar parkean instalautako karpak ia guztiz beteta egon ziran egunero, inguruan beste emonaldi batzuk egoteak be animauta. Barikuan, Euskal Museoan programautako saio bietarako gonbidapenak be agortu egin ziran.
Bilboko Kalealdiaren aurtengo edizinoak hainbat barrikuntza jaso ditu programazinoan, Barkillo saltzailearen eta Krispeta saltzailearen figurak, besteak beste, eta jaso daben harrerea bikaina izan danez, etorkizunean be jarraituko dabe. Oro har, Casilda Iturrizar parkeko jarduera guneak ikus-entzuleen erantzun bikaina jaso dau, umeentzako gunearen (Umeen Herrixkea) eta Miguel Llanesen eskultura lanaren erantzun bikaina barne.
Ikus-entzuleen aldetik harrera onena jaso daben ikuskizunak Amer i Àfrica, Creature Cie, Rosei Volt, Barada Street eta Eccentrici Dadaró Compagnie Teatrale taldeenak izan dira.
Amaitzeko, eta aurreko edizinoetan legez, Casilda Iturrizar parkeko karpa bietan batutako dirua (prezio sinbolikoa 3 euro sarrera bakarrarengaitik edo 5 euro sarrera bigaitik izan da), helburu solidariora bideratu da. Aurten batutako 1.528 euroak La Cuadri del Hospi-ri, umeen minbiziaren humanizazinorako, sozializazinorako eta ikerketarako eta hazur-muinaren donazinoaren zabalkundean dabilen guraso alkarteari emongo jakoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!