Gerardo Ayo: 'Publikoa jagon eta mimau behar dogu'

Koldo Isusi Zuazo 2018-07-02 08:05   Barriketan

Basauriko Social Antzokiko zuzendaria.

Basauriko Social Antzokiaren 25. urteurrenean, urteko azken lau hileko programazinoa aurkeztu barri
dabe; hainbat izango dira antzokiko agertokira igoko diran aktore, musikari eta jantzariak: Aitana Sánchez Gijón, Yllana Teatro, BOS & Naroa Intxausti, Kukai Jantza konpainia eta Sharon Fridman...

752 lagunentzako lekua dauen aretoak 1993ko maiatzaren 29an berredegi zituan ateak eta ordutik
multimedia eskaintza aberatsena atontzen ibilten da Gerardo Ayoren lantaldea. Hogeita hamabost  urte daroaz gidari eta zeresan ugari dauka.


1.- Social Antzokian, irailetik abendura arteko 25 ikuskizun iragarri dozuez gorago
nabarmendutako artistakaz, besteak beste, Aitana Sánchez Gijón, Bilboko Orkestra Sinfonikoa,
Yllana antzerki taldea, Mushkum taldea, Andoni Egaña bertsolaria eta Ainhoa Garmendia
sopranoa, Ander Lipus eta Patricia Urrutia, Kukai Jantza Taldea edota Korrontzi taldea. Naroa
Intxausti eta Cecilia Solaguren basauriarrak be jentaurrean agertuko dira...

Bai. Beti ez da lortzen gura izaten dozuna baina aurten oso pozik nago, izan be, 25 ikuskizun  horreetatik 13 gure produkzinoak diralako. Gurean izaten diran artisten bitartez, Basauri eta  Social Antzokia ezagunak dira Europan eta munduan eta hori be garrantzitsua da guretzako;  Naroa Intxausti eta Cecilia Solaguren basauritarrak, Kukai, igaz jantza tradizionala egungoaz  buztartzen dauen Jantza Nazionaleko sariduna geugaz izatea sekulakoa da. Korrontzi be ez dot  ahaztu gura, lan barriagaz datoz eta umeentzako antzerkiari jagokonez, ia programazino osoa  euskeraz da. Egitarauan sartu doguzan ikuskizun danen kalidadea nabarmenduko neuke.


2.- Aurrekoetan legetxe, Socialen Lagunek sarrerak erosteko epe berezia dabe: bagilaren 25etik

garagarrilaren 6ra, antzokiko leihatilan (11:00-14:00/17:00-21:00). Lehenengo egunotan ilara
luzeak izan ei dira sarrerak erosteko...

Gu geu be zur eta lur gagoz, holako jentetzarik ez genduan espero eta bigarren salmenta lekua be edegi behar izan genduan goizean. Leku estrategikoak gura ditue antzokian eta zehetasun lez  esango deutsut bezeroren bat egitaraua dakarren pdf artxibo eta guzti egon dala ilaran; batzuk 15 edo 18 ikuskizunetarako sarrerak erosi ditue. Beste kasu batzuetan 2019rako ikuskizun bitarako be saldu dogu zeozertxu. Urteen porazuz antzokiaren bazkideak edo lagunak gero eta gehiago dira, zale adituak dira eta oso fidelak gugaz.

Garagarrilaren 7tik aurrera, barriz, salmentea publiko orokorrari zabalduko jako ohiko saltokietan: socialantzokia.eus, kutxabank.eus, BBKren orotarako kutxazainetan eta leihatilan.


3.- Zer egin behar da Socialen Lagun izateko eta zer abantaila dakar? Zenbat Lagun ditu Socialek?

Oso erraza da. Urtean 45 euro dira eta ikuskizun bitarako sarrerak eta zinemarako 6 sarrera  doban eta ikuskizun guztietan % 35eko deskontua jasoten ditue bazkideek. Jazz edo folk musikearen zale diranentzako be astean kontzertu bat izaten dogu eta zinekluba be bai eta kasu horreetan sartzea doban da. Aurten Foru Aldundiak, besteak beste, Social Antzokiaren programazinoa kultur interes handikotzat izentau dauela ikusita, artxibo bat bialdu eta bazkide guztiei dedukzino bat jagoke errenta autorpenean. Oso oker ez banago holakorik ez da pasau inon Euskadin, Mezenazgo Legea bazterrenan itxita bezeroek pozarren hartu daben neurria da, duda barik; batez beste 14n euro inguru hartu dau bazkide bakotxak.

Ganera, urteko programazino osoa batzen dauen aldizkaria hartzen dabe bazkideek etxean eta sarrerak erosteko lehentasuna izaten dabe.

Urtetik urtera gehitzen joan da kopurua baina gaur egun 1517 bazkide-lagun gara: aforoa 749ko da eta ia-ia bikotxa da bazkideen kopurua.


4.- Oso oker ez bagagoz, eszenatokia barriztauko dozue udan. Ze lan egingo dozue?

Bai. Hain zuzen be, orain urte batzuetan eszenatokia handitu genduanetik geldi edo egon gara baina aurten, 25 urteko ibilbidean lehenengoz, zarratu egingo dogu antzokia abuztuaren 1etik 15era, eszenatokiko behegain osoa aldatu eta bazter batzuk pintau eta egokitu ostean, irailean urteko azken lauhilekoari ekiteko.


5.- Batzuk aitatzearren, Tricicle, Ainhoa Arteta zein Sara Baras Social Antzokian izan dira.  35 urtean batutako makinatxu bat anekdota izango dozuz. Bateren bat nabarmenduko zeunke?

Anekdota asko dagoz, bai. Nik neuk ohituratzat daukat artistearen kamerinora joan eta barriketalditxua egiteko; kasurako, Migel Gila agurtzen joan nintzanean, luze zabal berba egin genduan eta ordutik ez
daukat ahaztuteko; harek botika batzuk erosten bialdu eustan farmaziara eta gusto handiz bete neban Gilaren agindua. Nire aita be Gilaren zale amorratua zan eta buztarketa ederra da hori.

Ganerakoan, peluka eta makillajerik bako aktore emakumeak dodaz gogoan, kamerinora sartu eta holako
inpresinoa hartuta...


6.- 35 urteko ibilbidea egin dozu Social Antzokian. Bazter guztiak inork baino hobeto ezagutuko dozuz...

Udalak erabagi ebanean antzokia zabaltzea, gu lehenagotik genbizan beharrean erakunde autonomo moduan beste zentro batzuekaz batera eta hortxe okurridu jaken geuk eroatea Social Antzokiaren kudeaketea. Pasau dira urte batzuk eta hemen segiduten dogu. Segurutik bakarrenetakoak izango gara, ze urteko 365 egunetan zabalik dago antzokia. Enplegua, lana be sortarazo dogu eta Basauriko ekonomian be eragin dogu. Herritarrakaz bat egin dogu, Social oso ondo komunikauta dago eta hori be sano lagungarria izan da.


7.- Hogeita bost urteotako ze mugarri nabarmenduko zeunkez?

Ez da erraza. Akaso, 25. urteurreneko galea nabarmenduko neuke. Benito Lertxundi izan genduan, bete egin zan aretoa eta oso pozik urten genduan danok.

Bestetik, Miguel Gilaren ekitaldiak emozionauta itxi ninduan eta ez daukat ahaztuteko. Ikuskizunaren aurretik eta ostean egin neban berba beragaz.

Ganerakoan, herritarrek Social Antzokia aintzat hartu dabela esango neuke.


8.- Egun Sarea-ren parte zarie (Euskal Antzerkien Sarea). Ze ekarpen egiten deutsazue alkarri?

Sareak, taldeak beti dira onak. Egunero ikasten dozu zeozer. Zazpirehun bat talde dituan Espainiako sarearen parte be bagara eta ekarpena handia da. Txikiak handienaren ezaugarri eta jarreratik ikasten dau eta alderantziz be bai. Berba egitea oinarrizkoa da ikasketa prozesuetan eta arlo horretan ni beti nago prest galderak egin eta ikasten segiduteko.


9.- Ze erronka dauka orain Social Antzokiak?

Lehenengo eta behin publikoa jagon eta mimau behar dogu. Bazkide-lagun gehiago behar doguz eta, beraz, badago zer egin.

Horrezaz gan, aurrekontu orekatuari eutsiz, bolanderarik bota barik, ahalik eta programazino aberatsena osotzea be helburu nagusienetakoa da.


10.- Bestelako mezurik Gerardo?

Talde lana da gurea, Gerardo pieza bat baino ez da. Danon artean errazago egiten dira gauzak eta horretan gabiz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu