'Luis eta estralurtarrak' gaur estreinauko dabe euskeraz

Bizkaie! 2018-06-29 11:47   Zinemea

Hurrengo filma, Itsasontziak Erreskatean!, garagarrilaren 20an estreinauko dabe areto komertzialetan.

Zineuskadik bultzatutako Zinema Euskeraz programeari esker, gaur, bagilaren 29an, Luis eta estralurtarrak (Alemania) filma Euskadiko eta Nafarroako zinemetara euskerazko bersinoan helduko da. Abenturaz betetako film horrek adiskidetasuna, laguntasuna eta desbardinak diranakazko errespetua bultzatzen ditu beste balio batzuen artean.

Luis eta estralurtarrak filmak 12 urteko mutiko bakarti baten istorioa dakar. Espazio-ontziagaz bere lorategia jo daben hiru estralurtarren lagun egingo da eta oso harreman polita sortuko da euren artean. Luisek beti izan dau espazioan bizitza adimentsua dagoala erakusteko interesa eta, holan, alkarri mesede egingo deutson adiskidetasuna sortuko da. Espazio-ontzia barriro martxan jarri eta euren planetara itzuli ahal izateko Luisek emondako laguntzinoaren truke, estralurtarrek gaztea barnetegitik atara eta, alkarregaz, irribarrez eta emozinoz betetako abentureari ekingo deutsie. Filma jatorri alemaniarra daben Lauenstein, Christoph eta Wolfgang anaiek zuzendu duabe. 1989an, Balance lanagaz, animazinoko film labur onenari emondako Oscar saria jaso eben.

Kontuak kontu, bariku honetan, ikusle guztientzat egokia dan Luis eta estralurtarrak filma Euskadiko eta Nafarroako ondoko aretoetan estreinauko dabe: Cines Niessen (Errenteria), Multicines (Bilbo), Golem La Morea (Iruñea), Golem Alondigea (Bilbo), Príncipe (Donostia) eta Florida Guridi (Gasteiz).

Hurrengo filma, Itsasontziak Erreskatean!, garagarrilaren 20an estreinauko dabe areto komertzialetan, eta abenturea gustetan jaken familiei zuzendutako zozketa bereziagaz helduko da. Animazinoko film luze horrek Eliasen, benetako adiskidetasunari buruzko gogoetea egin beharko dauen salbamenduko itsasontzi gazte baten gorabeherak dakarz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu