UPV/EHUko ikasleek Auschwitz-Birkenauko sarraski esparrua bisitauko dabe
2018-06-26 10:06 KultureaMarian Turski, Auschwitz-etik bizirik urtetea lortu eban historialaria Gernikako Batzarretxera itzuli da.
Zuzenbide, kriminologia eta psikologiako bederatzi ikaslek formakuntza ikastaro bat egingo dabe Giza Eskubideei buruz Polonian, bagilaren 29tik garagarrilaren 2ra bitartean. Taldean izango dira Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko, UPV/EHUko eta SOS Arrazakeriako ordezkariak.
Auschwitz-Birkenaurako bidaiak aukerea emongo dau gogoetea egiteko giza eskubideen muturreko urraketei buruz eta personen deshumanizatzeari buruz. Egitasmo honek Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzearen laguntzinoa dauka. Bisiteak amaierea emongo deutso 2017-2018 ikasturtean segregazino eta diskriminazino gaietan dagozan ardura personal eta kolektiboei buruz ikasleek egindako prestakuntzeari.
Esperientzia ebaluauko dau UPV/EHUko Gizarte-Psikologiako Sailak, ikusteko zelako eragina izan dauen gazteon sinismenetan, erantzukizun sozialean eta gizarteagazko balio positiboetan. Euren testigantzea jaso eta ekintza kolektiboak antolatuz, jakin nahi da ze inplikazino mailea daben giza eskubideen defentsan eta personen duintasunaren alde Memoriala eta museoa bisitau ondoren.
Sarraski eta kontzentrazino esparru paradigmatikoari buruzko jarduera hau parte bat da SOS Arrazakeriak Holokaustoaren inguruan egiten dituanen artean. Horreetako batzuek erakundeen laguntzinoa jaso dabee 2010 urtetik, besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako udalarena. Holokaustoari buruzko Pentsaizue hori benetan jazo dala hezkuntza egitasmoa: irakaskuntza ertain eta unibersitarioko ikasleei zuzendua, euren espiritu kritikoa sustatzeko eta gaur egungo jokera diskriminatzaile eta arrazistak atzemon eta aurre egiteko gure hurreko ingurunean.
Maribel Vaquero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetzearen eta Giza Eskubideen Zuzendari Nagusiarentzat Aldundiaren aukera bat da holako ekimenak laguntzeko, giza eskubideen kulturea sustatzeko aukerea eta Holokaustoa lako jazoeren bidez ikasleen pentsamendu kritikoa bultzatzeko. Ikusteko zelan, kasu honetan juduen kontrako aurreretxiek lehenik eta gorrotoak ondoren, tragedia hau eragin eben.
Auschwitzeko bisitan asmoa da ikasleek ikastea esparruaren historia, populazino juduaren sarraskia eta bertan ezarritako krimen mekanismoak; gogoetea egitea jazotako guztia posible egin eben diskurso eta praktika sozialen inguruan eta ulertu deien zer ardura daben eurek etorkizuneko desbardinkeria eta/edo diskriminazino moduak aurreikusten.
Egitasmo hau jazoera historiko batean oinarritzen da; eta horrek argi erakusten eta ulertarazoten deusku zelan testuinguru jakin batek (krisi ekonomikoa, alderdi tradizionalen sinisgarritasun faltea, antisemitismo larbatu handia eta hazten dagoan xenofobia eta arrazakeria...) eta ideologia zehatz batek instrumentalizautako sentimentuek (bildurra, segurtasunik eza, umiliazino kolektiboa zein frustrazinoa) sortuko daben gizateriaren historiako sarraski larri eta paradigmatikoenetako bat. Gogoan izan hori dana Europa zibilizatuaren bihotzean pasau zala, mendebaldeko herrialdeen artean garatuena kulturan eta zientzian.
Bidaiara doazen ikasleek aurretik Holokaustoari buruzko lana egin dabe 2017-2018 ikasturtean, eta aukeratuak izan dira SOS Arrazakeriak Holokaustoari buruz antolatutako idazki lehiaketan arrazakeriaren ganean egindako ekarpen kritikoakaitik. Parte-hartzaileen idazkiak kultura eta akademiako hainbat persona ospetsuk hautatu zituen, Mariano Ferrer edo Luisa Etxenike, besteren artean.
Auschwitz-Birkenaura doan taldeari gehituko jakez Monica Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktima eta Giza Eskubideen zuzendaria, Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Alkarbizitza eta Giza Eskubideen zuzendaria, Xabier Urmeneta sail bereko teknikaria, Maialen Olabe eta Irene Gantxegi Madina Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko kideak, Maitane Arnoso Gipuzkoako SOS Arrazakeriako lehendakaria, Magda Bobowick UPV/EHUko Psikologia Fakultadeko irakaslea eta Peio Gutierrez Zazpi terdi produkzino etxeko kidea.
Marian Turski, Auschwitz-etik bizirik urtetea lortu eban historialari judu-poloniarra Gernikako Batzarretxera itzuli da 43 urte geroago
Marian Turskik, historialari eta Auschwitz-eko Kontzentrazino Esparrutik bizirik urtetea lortu ebanak, Gernikako Batzarretxea bisitau dau, eta bertan Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak egin deutso harrerea.
Joanna Truska-Siczek alabeak eta Klaudia Siczek lobeak lagunduta, Turski Bizkaiko Batzarren egoitzearen inguruetan ibili da, eta sakonago ezagutu ahal izan dau Bizkaiko historia. Lurralde eta leku hori ez jakoz guztiz ezezagunak, 1975ean historialariak bere ilusino handietako bat bete egin eban eta, Gernika eta bertako Batzarretxea bisitauta; bertan Jorge Oteiza eskulturagilea ezagutu eban, eta adiskidetasun sendoa sortu zan bien artean.
Marian Turskirentzat, Gernika, Auschwitz-egaz edo Ingalaterran dagon Coventrygaz jazoten dan moduan, II. Mundu Gerran izandako basakeriaren sinbolo da, baina, urteak pasau ahala, bakearen sinbolo bilakatuz joan da. Bere bisitan azpimarratu dauen beste alderdi bat, herriek etorkizuneko belaunaldiei euren kulturea, hizkuntzea eta nortasuna transmitidutea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!