Jaietako sexu-erasoen kontrako kanpainea kaleratu dabe

Bizkaie! 2018-06-25 08:05   Kulturea

Emakumeak beti gara libre, gure janzkerea eta gure jarrerea edozein izanda be. Eraso bat ezin da justifikau.

Bizkaiko Foru Aldundiak emakumeen askatasunaren aldeko eta eraso sexisten akontrako kanpainea kaleratu barri dau jai-inguruetan jazotako erasoak kontuan hartu. Ana Urrutia kazetariak bere irudia laga deutso kanpaineari emakumeen askatasuna aldarrikatzeko. Ana Urrutiak Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru diputatuagaz batera aurkeztu dau kanpainea.

Jaietan be, neure aukerea / En fiestas, yo también elijo mezua hainbat sare sozialetan eta kanpoko espazioetan zabalduko da garraio publikoko linea desbardinetan; lineak beren-beregi hautatu ditue Bizkaiko udalerrietako jaiakaz bat egin deien. Aitatutako lemeagaz batera, beste mezu batzuk agertuko dira: Yo decido cómo me visto y con quién me desvisto, jaietan eta beti, No bailo para ti, bailo para mí, ‘Kaleak eta gauak gureak ere badira edo Nire gorputza nirea da. Gainera, #NeureAukera #YoElijo traola izango dau.

Laespada diputaduak azaldu dau emakumeen askatasunaren aldeko kanpainea izan arren, arreta berezia jarri nahi dala udako jai-gune eta jaietan: Ondo dakizuenez, San Juan gauetik aurrera, ia-ia egunero ospatuko dira jaiak gure lurraldeko udalerrietan. Emakumeak beti gara libre, gure janzkera eta gure jarrerea edozein izanda be. Eraso bat ezin da azaldu, ezin da justifikau, adierazo dau.

Diputaduak 2016ko Sanferminetan bost erasotzaileek egindako sexu-erasoaren kontrako epaiak gizartean izandako eragina nabarmendu dau: Gizartearen erantzuna ikusita, mahai gainean jarri dogu emakumeen erabaki sendo bat, gure erabagi sendoa, hau da, amaitu dirala erasoak. Ganera, bardintasunaren aldeko burruka feministeak egindako aurrerapausuak aitatu ditu Laespadak, argi geratu baitziran martiaren 8an egindako mobilizazinoen ostean; eraso bat ezin da azaldu, ezin da justifikau. Janzkereak edo jarrereak ez dabe sekula eraso bat justifiketan. Edozeinek dauka espazio publikoa erabili eta bertan egoteko eskubidea. Emakumeok be eskubide hori dogu. Eskubide hori ezin da urratu eguneko orduaren arabera edo jai-giroan egoteagaitik, nabarmendu dau.

Horrezaz gan, Fiskaltzeak edo Ertzaintzeak sexu-erasoei buruz jentaurrean jakitera emondako datu batzuk gogoratu ditu; 2016ko Fiskaltzearen azken memorian jaso da sexu askatasunaren kontrako delituek gora egin dabela Espainian; gora egin dabe, bai sexu-erasoek (2015. urteko 417tik 2016. urteko 476ra), bai sexu-abusuek be.

Kalifikazino-idatzien arloan, sexu-askatasunaren kontrako delituak izan ziran kopururik handiena sortu ebenak (1.061, hain zuzen, eta horreetatik 387 sexu-erasoak izan ziran, 85 bortxaketak eta 192 sexu-abusuak).

Horrezaz gan, Ertzaintzeak eta udaltzaingoek egindako memoriaren arabera, lege arau-hausteek igaz % 1,45 egin eben gora Euskadin. Bizkaiaren kasuan, barriz, % 1,05 egin eben gora.

Hazkunde oso txikia da lege arau-hauste guztiakaz konparauta. Halan da be, sexu-erasoen kasuan, Euskadiko igoerea % 30ekoa izan zan eta Bizkaikoa % 27koa. Hain zuzen, behera egin eben hilketen, etxebizitzetako lapurreten eta pertsonen kontrako larderia erabiliz egindako lapurreten erregistroek.

Sexu-erasoen kopuruak % 30 eta % 27 gora egin izanak esan nahi dau 2016an 42 eraso gehiago erregistrau zirela Euskadin eta, Bizkaian, barriz, 22 gehiago. 2016. urtean, erkidegoko zein tokiko poliziek erregistrautako sexu-erasoen kopurua 140 izan zan Euskadin, eta igaz 182ra heldu zan. Bizkaiaren kasuan, 2016an 80 eraso erregistrau ziran, eta igaz, ostera, 102 eraso.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu