Gema Intxausti, Erlea Maneros eta Bulegoa z/b taldea dira aurten Gure Artea sariak irabazitakoak

Bizkaie! 2018-06-25 12:55   Kulturea

Arte plastiko eta ikusizkoen arloan Euskadin emoten diran saririk garrantzitsuenak dira.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Gure Artea sarien aurtengo irabazleak emon ditu gaur ezagutzera: Gema Intxausti, Erlea Maneros eta, azkenik, Bulegoa z/b taldeko Beatriz Cavia, Isabel de Naverán, Miren Jaio eta Leire Vergara. Sailburuak Donostiako San Telmo Museoan izandako ekitaldian emon du albistea, eta haregaz batera izan dira hiru sariak jaso dituen artistak. Sariak emoteko gala zemendian egingo da.

Zupiria sailburuak nabarmendu dau sari honeek oinarrizkoak dirala saritutako artisten lana ikusgaiago egiteko, bai eta, oro har, Euskadin arte plastikoen eta ikusizkoen alorrean egiten dana ezagutarazoteko be: Gure Artea sarien helburua da artisten lan bikaina saritu eta lan hori ezagutarazo. Sortzaileon lana ikusgarriago egin nahi dogu eta publikoari erakutsi nahi deutsagu arlo honetan Euskadin dagoan talentua. Zupiria sailburuaz gan, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea be izan da gaurko ekitaldian, eta berak irakurri dau aurtengo epaimahaiaren ebazpena. Clara Montero (presidentea), Alaitz Arenzana, Iñaki Garmendia, Lourdes Mendez eta Manuel Cirauqui izan dira aurtengo epaimahaikideak.


Ibilbide Artistikoari Saria

Ibilbide Artistikoa saritzen dauen modalidadean, Gema Intxausti Miangolarra izan da aurtengo irabazlea. Kasu honetan, epaimahaiak nabarmendu dau lan artistiko geldoa eta lasaia garatzeko hautua bere lanaren ezaugarri nagusietakoa dala: Horrek baldintzatu dau etenik izan ez dauen gai garrantzitsuen inguruko bere hausnarketa, besteak beste, sorkuntza plastikoaren eta ikusizkoaren bidezko irudikapenaren ingurukoa, gehitu dabe ebazpenean. Horrezaz gan, epaimahaiak azpimarratu dau haren ibilbide koherentea, denpora laburrekotik aldendua, pintura, eskultura eta zinema erabili zalako bizitza duinaren, inkomunikazinoaren, nortasunaren, oinazearen eta plazerraren inguruan hausnartzeko. Azkenik, epaimahaikideek esan dabe haren lanak ekarpen garrantzitsua egin deutsola ikusizko euskal sorkuntza garaikideari.


Sorkuntza Lana Autortzeko Saria

Erlea Maneros Zabala izan da aurtengo saritua. Kasu honetan epaimahaiak nabarmendu dau posizionamendu kritiko argia eta irudien artisau-trataerea buztartzen dituan artista baten lanean ikus daitekeen koherentzia eta eten bako ikerketea. Epaimahaikideek azpimarratu dabe tradizino grafiko desbardinei loturiko prozedurak -grabadua, kartela edo fanzinea- barriro asmeteagaz batera, ondorio historiko, politiko eta sozial aitagarriak dituan ikonografia garatu dauela.


Arte Plastiko eta Ikusizko arloan agenteek egindako Lana autortzeko saria

Bulegoa z/b taldea izan da Arte Plastiko eta Ikusizkoen arloan agenteek egindako Lana Autortzeko sariaren irabazlea. Beatriz Caviak, Isabel de Naveranek, Miren Jaiok eta Leire Vergarak osotzen daben talde honen kasuan, epaimahaiak azpimarratu dau gizarte-ehunaren eta kultura-erakundeen arteko bitartekaritzearen aldeko konpromiso sendoa dauen proposamena eskaini deutso euskal testuinguruari'. Era berean, tokiko mailan -Solokoetxe auzoan, gehienbat- dauen eginkizun dinamizatzailea balorau da, bai eta sareko nazinoarteko proiektutan dauen parte-hartzea be; ondokoakaz lan egin dau: If I Can’t Dance (Amsterdam), Tate Modern (Londres), KW (Berlin), CAC (Vilnius) eta M-Museum (Lovaina).

Sari honeek sormenaren garapena bultzatzea dabe helburu, arte-sorkuntzarako pizgarriak erraztuz eta autortzea eskainiz arte sorkuntzeari. Horrezaz gan, euskal arte garaikidearen zabalkundea errazteko asmoa dabe, arte plastiko eta ikusizkoen arloan gizartearen autortzea bideratuz. Guztira, 54.000 euro bideratuko dira ekimen honek saritutako modalidade desbardinetara, eta irabazle bakotxak 18.000 euro jasoko ditu.

Lehenengo modalidadeak, lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta egindako lan sortzaileagaitik eta kultureari zein arte garaikideei egindako ekarpenagaitik nabarmentzen dan artisten lana saritzen dau. Bigarren modalidadeak azken urteak hartzen ditu kontuan, eta bere jarduera artistikoagaitik zein sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagaitik nabarmendutako artista edo artista-taldea saritzen dau. Azkenik, hirugarren modalidadeak arte plastiko eta ikusizkoen arloan eragileek egindako sustapen lana saritzen dau. Beraz, sariotan bai sortzaileak, bai bestelako agenteak be saritu daitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu