Euskal Herriko hamabi produkzino-etxe Sunny Side of the Doc azokan

Bizkaie! 2018-06-22 13:03   Zinemea

Dokumentalen alorreko azoka handienetako bat da eta Arroxelan egingo dabe, hilaren 25ean hasita.

Euskal ikus-entzunezkoen sektoreak ordezkaritza zabala izango dau Frantziako Arroxela urian egingo dan Sunny Side of the Doc azokan. Eiken klusterrak, Zineuskadik eta Etxepare Institutuak bultzatutako Basque Audiovisual markapean joango dira azokara, euskal dokumentalgintzearen azken nobedadeak aurkeztu, esperientziak trukatu eta finantziazino bideak zabaltzeko.

Hamabi produkzino-etxe izango dira Basque Audiovisual markearen ordezkari Arroxelan: Altube FilmeakArena ComunicaciónBainet ZinemaGastibeltza FilmakHaruru FilmakIrusoinMarmoka FilmsMirokutanaSincro ProduccionSonora EstudiosSr y Sra eta Taui Media.

Ganera, urtero Donostiako Zinemaldian Ibaiak antolatzen dauen Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzino Foroa bertan izango da, baita Kanaldude telebistea be.

Produkzino-etxeetako ordezkariak Basque Audiovisual erakusmahaian batuko dira eta aurtengo proiektuak batzen dituan katalogoa banatuko dabe bisitarien artean. Danetara, 32 proiektu dakarz katalogoak: 13 garapen-prozesuan dagoz, 9 produzino-fasean eta 10 amaituta.

Arroxelako Sunny Side of the Doc sektoreko profesionalentzako ezinbesteko hitzordu bihurtu da. Aurtengo edizinoan, 60 herrialdetako 2.000 profesional inguru joango dira, bagilaren 25etik 28ra. Euskal produktoreentzat eta sortzaileentzat be hitzordu garrantzitsua da, nazinoarteko merkadu nagusietako profesionalakaz eta erosleakaz hartu-emonetan ipiniko ditualako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu