'Amattoren uzta' aplikazinoa plazaratu dau Galtzagorri Alkarteak

Bizkaie! 2018-06-22 09:24   Kulturea

Izen bereko liburuko istorioak interaktibo bihurtu ditue.

Mayi Ariztiak Ipar Euskal Herrian batutako istorioen bildumea 1934an kaleratu zan lehenengoz, Amattoren uzta izenburupean, eta 1982an Elkar argitaletxeak barriro atera eban. Ume eta gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzeko helburuz jaiotako Galtzagorri Alkarteak liburu hori aukeratu eban 2012an Klis-Klasikoak bildumarako. Berrargitalpen horretarako, Patxi Zubizarretak testuak egokitu zituan eta Maite Gurrutxagaren marrazkiak sartu zituen.

Orain, teknologia barriak lagun, bizibarritu egin dabe Amattoren uzta, aplikazino interaktiboa sortuta. Patxi Zubizarreta bera arduratu da gidoiaz eta Maite Gurrutxagak orain dala sei urte egindako marrazkiei animazinoa emon deutse. Ganera, Joserra Senperenaren musikea eta Patxi Zubizarretaren eta Amaia Hennebutteren ahotsak be sartu ditue. Oreka Interactive enpreseak egin dau garapen informatikoa. Erein eta Orona be laguntzaile izan dira.

Amattoren uzta aplikazinoan, Klis-klasikoak bildumako liburuko hiru istoriori emon deutsie bizia (liburuan hamabost dira). Horreetako bat, Hartzkumeren istorioa, abentura grafiko bihurtu dabe. Beste bati, Gameluaren istorioa dalakoari, 360 graduko diseinua emon deutsie eta hirugarrenak, Arttoren istorioa-k, animazinoa eta interaktibidadea ditu. Ipuinak irakurri ez eze, eurakaz olgau eta esperimentau leikie neska-mutilek, baita istorioak entzun be.

Aplikazinoa 8 eta 12 urte bitarteko umeentzat da, baina helduagoek be gustura erabilteko modukoa dala azpimarratu dau Galtzagorrik. Gazte zein heldu, liburuko istorioak bizitzeko modu barri bat eskaini nahi deutsagu app barriaren irakurleari, dinoe alkarte horretakoek. Adibidez, Gameluaren istorioa-n errealidade birtuala lortzeko Google Cardboard tresnea erabili dabe. Tablet eta ordenagailuan be bizi leitekeen arren, kartoizko edo plastikozko betaurreko batzuk eskuratu eta sakeleko telefonoan ikustea gomendatu dabe, irakurleak leku eta objektu horren artean dagoala sentidu deian.

Amattoren uzta aplikazinoaren bidez, Ume eta Gazte Literaturako euskerazko obra kanoniko baten bersino multiplataformea sortzea izan da Galtzagorri Alkartearen helburua; papeleko liburuari entretenimendurako eta aisialdirako aukera barriak eskainiz euskarri digitalen bidez: Modu horretan, euskerea eta euskerazko irakurzaletasuna entretenimenduagaz buztartuta sustatuko dauen aplikazio barri eta barritzailea sortu nahi izan dogu.

Klasiko unibersalak eta euskerazko literaturako obra kanonikoak batzen dituan Galtzagorri Alkartearen Klis-klasikoak liburu-bildumearen app-bildumea 2014an sortu eben. Maria Goikoak batbirulau! aplikazinoa izan zan lehenengoa eta harrera ezin hobea euki ebala dino Galtzagorrik. Gipuzkoa App’s 2015 Lehiaketako sari nagusia be irabazi eban. 2016an Txan fantasma aplikazinoagaz handitu eben bildumea. Hirugarrena da, hortaz, Amattoren uzta.

Aplikazinoa deskargau leiteke Google Play (hemen) eta Apple (hemen) plataformetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu