Izotz Aroko gizartea eta kulturea, Bilbon
2018-06-21 13:41 KultureaFormatu handiko argazkiak ipini ditue Bailen kalean, eta aldaketa klimatikoaren inguruko erakusketea Arkeologi Museoan.
Europako museo eta aztarnategi ezagunetan ikusi ahal izan da Ice Age Europe Now erakusketa ibiltaria, tartean Donostiako San Telmon. Izotz Aroko aztarnak lantzen dituen 20 zentrok osotutako sareak antolatutako erakusketa hori Bilbora heldu da orain, Bizkaiko Foru Aldundia sare horren partaide dalako, Santimamiñe kobazuloaren eta Arkeologi Museoaren bidez. Garagarrilaren 15era arte, Bailen kaleko espaloi zabalean dagoz 15 argazki ikusgarriok, handik pasetan diran guztien eskura.
Europako aztarnategietan agertutako Izotz Aroko objektuak eta sasoi haretako paisaiak dagoz formatu handiko argazkiotan. Kasu batzuetan, gaur egungo objektuak edo personak be agiri dira irudietan, antxinakoakaz kontrastea edo antzekotasuna erakusteko. Historiaurreko gizartearen eta kulturearen ikuspegi erakargarria emotea da helburua, azaldu dau Lorea Bilbao Kultura diputaduak. Instalazinoak zientzia eta turismoa buztartzen dituala ganeratu dau, disziplinartekotasuna beharrezkoa da era honetako ekintzetan.
Orain dala milazak urte bizi izan ziran gizakiak urrunekotzat badaukaguz be, erakusketa honek garbi ixten ditu orduko eta gaur egungo gizon-emakumeen arteko antzekotasunak. Bilbaoren ustez, Izotz Aroko gizakiek gaur egungoen antzeko kezkak erabilten zituen buruan, horreei bestelako urtenbide batzuk topau arren: Iraganetik gatoz eta hori gaur egungo gure nortasunaren oinarria da zelanbait.
EHUko irakasle eta Arkeologian aditu dan Maria Jose Iriartek Kultura diputaduaren berbak baieztau ditu: Izotz Aroko aztarnak zenbat eta gehiago ikertu, gaur egungo mundua ulertzeko gero eta giltzarri gehiago topetan doguz. Gizakiaren bizimoduan ez eze, paisaian eta kliman eragindako aldaketak be nabarmenak dira.
Hain zuzen be, Bailen kalekoaren osogarri Arkeologi Museoan antolatu daben erakusketeak klimak izan dituan aldaketak jorratzen ditu. Antxinako gizakiak bizi ziranetik hona eguraldiak gorabehera ugari izan dituala erakusten daben hainbat elementu batu ditue bertan, danak Bizkaian agertutakoak, Iñaki Garcia Camino museoko zuzendariaren arabera.
Esate baterako, Diman, Lekeition, Kortezubin eta abar topautako animalien aztarnak ikusi leitekez Arkeologi Museoko erakusketa barri horretan. Bisonteak, errinozeroak, pinguinoak... dira. Hemen sasoi hotzak izan genduzala erakusten dau horrek, dino Garcia Caminok. Aztarna barriagoak be ipini ditue, adibidez altzairugintzakoak, gizakiak kliman eragindako aldaketak azaltzeko. Aditu batzuen ustez, Antropozenoa izeneko garai geologiko barri baten sartu gara, hau da, ingurunea gizakiak eragindako aldaketen ondorio dan garaia.
Erakusketak aurkezteaz ganera, irailean egingo diran X. Arkeologia Topaketen barri emon dabe. Hil horren 19an, 20an, 26an eta 27an, lau berbaldi emongo ditue Historiaurrean adituak diranek. Joseba Riosek euskal lurraldeko lehenengo gizakiez egingo dau berba. Asier Gomez Olivienciak, Neanderthal eta Cro-Magnon gizakien inguruan. Mikel Agirre Ruiz de Gopegik antxinako sinbolismoaz. Azkenik, Antropozenoaren ganean jardungo dau Alejandro Zearretak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!