Sexu aniztasunaren inguruko erakusketea Bizkaiko Batzar Nagusietan
2018-06-21 08:23 KultureaUnai Goikolea komisarioaren eskutik, bederatzi artistaren lanak dagoz ikugai.
Bizkaiko Batzar Nagusiek, Bilbao Bizkaia Pride 2018 egitarauagaz bat eginik, Bilboko egoitzan Sexu aniztasunaren aldeko euskal artea erakusketea zabaldu dabe. Erakusketa kolektibo horretan, Azucena Vieites, Miriam Ocariz, Eduardo Sourrouille, Elssie Ansareo, Cachorro Lozano, Eduardo Gaviña, Alberto de la Heras, Bubi Canal eta Alba Burgos artisten lanak ikusi leitekez; komisarioa Unai Goikolea da.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak adierazo dauenez, erakundeak harrotasunez hartzen dau ekimena. LGTBIfobia oraindino errealidadea dala gogoratu dau Otaduik eta, hortaz, era honetako erakusketek eragina euki leikie gizartea eraldatzeko lanean. Hori dala eta, LGTBI mobimenduaren ekarpenak aintzatetsi gura ditu erakusketeak, aniztasun sexuala ikusgai bilakatuz eta legitimatuz.
Bilbao Bizkaia Pride 2018ren IV. edizino honetan formea hartzen hasi dan egitasmoa da hau, hainbat belaunaldi, jatorri eta planteamendu artistikoko euskal artistak batzeko asmoz. Guztiek be konpromiso argia daukie LGBT mobimenduagaz. Bertatik, ahalik eta diskurso heterogeneoena eta anitzena sortu gura dabe.
Sexu aniztasunaren aldeko euskal artea erakusketan, berton eta atzerrian aintzatespen handia daukien artista garrantzitsuenetako batzuen artelanak batu ditue. LGBT aniztasun sexualaren aldeko euskal erakusketea da, gai hori modu librean eta naturalean landuz.
Transformismoaren munduan Yogurinha Borova ezizenez ezagutzen dan Eduardo Gaviña artistearen eretxiz, artelan guztiek puntu berean egiten dabe bat: Bilbon. Euren artelanen bitartez, artistek egunero sentiduten dabenaren ikuspegia eskaini gura dabe. Bakotxak bere moduan eta bere teknikea erabilita, baina jazoten diran eta artearen barruan lekua behar daben egoera asko irudikatzen doguz, zehaztu dau Gaviñak. Artista horrek, artelanak erakusteaz gan, ikuskizuna be eskainiko dau Bilbao Bizkaia Pride 2018ren barruan.
Erakusketearen helburua eraldatzeko eta gizartearen kontzientzia biztuteko arteak beteten dauen lekua erakustea da. Unai Goikolea DJ eta erakusketearen komisarioaren eretxiz, kultureak oso leku garrantzitsua beteten dau, eskubideen defensan eta aldarrikapenean laguntzen dauelako eta, aldi berean, bere bilakaerea eta handitasuna erakusten ditualako, bere aukera handiak nabarmenduz. Herritarrek eta erakundeek parte hartzea be garrantzitsua izan da ekimen hau gauzatu ahal izateko: Ezinezkoa da gizartea eraldatuko dauen ezer egitea danon arteko alkarlanik ez badago, dino Goikoleak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!