'Egungo errefuxiatuak biharko herritarrak izatea', Errefuxiatuen Munduko Egunaren helburua

Bizkaie! 2018-06-20 10:12   Kulturea

Gaur, bagilaren 20a, Errefuxiatuen Munduko Eguna da.

Gaur egungo errefuxiatuak biharko herritarrak izateko bidea atontzea, alkartasuna eta kohesino soziala bateratzen dituen politiken bitartez da Getxoko Udalak, hainbat erakunderen laguntzinoagaz, antolatutako jardueren egitarauaren helburua, gaur, bagilaren 20an antolatzen dan Errefuxiatuen Munduko Egunaren harian.


Jardueren egitaraua

Egitaraua Samba, un nombre borrado izeneko dokumentalaren proiekzinoa eta ondorengo barriketaldiagaz hasi zan, bagilaren 16an, 12:00etan, Romo Kultur Etxean, RKEn. Mahmoud Traoré be izan zan ekitaldian. Hurrengo egunean, kaleko antzerkia izan zan Areetako Geltokia plazan, Munduko arrozak jaiaren ospakizunagaz batera. Alboan erakundeak eta Euri Artean taldeak Historias detrás de la valla: Passport ikuskizuna eskaini eben.

Bart, 19:00etan, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak Mugak Zabalduz Italiako Calabriara joango dan karabanea aurkeztu eban.

Azebarri taldearen egoitzan sukaldaritza tailerra eta kultura arteko afaria izango dira, barikuan, bagilaren 22an, 18:30etik aurrera, Bizilagunak, Mila Zapore ekimenaren barruan. Persona interesatuek izena 644 277 155 (euskaraz) telefono zenbakian emon leikie.

Bagilaren 22tik 24ra, Save the Children alkarteak Giza liburutegia kanpaina ibiltaria aurkeztuko dau, Haur etorkinen ahotsa: eurei eta euren eskubideei lotutako jarrera kritiko eta eraldatzailea sendotzako sentsibilizazino programearen barrukoa, Areetako Geltokia plazan. Bertokoen eta esperientzia migratzaile edo babes bila ibili diranen arteko topalekua sustatzen dauen ekimena izango da.

Domekan, bagilaren 24an, 19:00etan, Caminamos para Crecer-CEAR Euskadi erakundearen Alas rotas izenburuko antzezlanaren estreinaldia izango da RKEn. Espainian babesa eskatzen dauen errefuxiatu baten bitartez, igaro behar dituan zailtasunak ikusi ahal izango dira, azkenean kanporatua izan arte. Bizi beharko dauen gizartearen isla, adiskidetasun eta itxaropen istorioak erakusten dira, baita xenofobia, hedabide manipulatuak, justizia bidebakoa eta bihozbakoa, eta CIESen dramea be. Sarrerearen prezioa 6€koa izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu