Memoriaren Ibilbidea atondu dabe Artxanda mendian

Bizkaie! 2018-06-20 08:16   Kulturea

Burdin Hesiaren eta Gerra Zibilaren inguruko panelak dagoz kilometro biko bidean.

Aintzane Ezenarro eta Juan Mari Aburto, panelaren alboan (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Faxistek Bilbo hartu ebeneko 81. urteurrenaren eguna aukeratu dabe Bilboko Udalak eta Gogora Bizikidetzearen Institutuak memoria historikoagaz lotutako azpiegitura barria aurkezteko. Bilbo eta Txorierri bitarteko Artxandako mendilerroan kilometro biko ibilbidea atondu dabe eta informazino-panel bat dago hasieran, ibiltariek Gerra Zibilaren sasoiko jazoerak ezagutu deiezen. Juan Mari Aburto alkatea eta Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro izan dira aurkezpenean.

Bilbo faxisten erasotik babesteko eregitako Burdin Hesia, igaztik, erakunde publikoek babestutako Euskal Kultura Ondarea eta Memoria Demokratikoaren Ibilbidea da. Horretan oinarritu dira Artxandako panela ipinteko. Funikularraren goiko geltokiaren alboan dago panela eta handik hasita egin leiteke kilometro biko bidea, oinez.

Funikularraren geltokitik, Memoriaren Ibilbidea Artxandako behatokiraino doa. Bertan dago Aterpe 1936 eskulturea. Handik San Rokera joten dau, Artxandako Guduaren funtsezko beste leku bat da eta. Ibilbidean ipinita dagozan panelek aukerea emoten dabe 1937ko bagilaren 13tik 19ra bertan gertatutakoa ezagutzeko.

Ganera, panelak Burdin Hesiari buruzko informazinoa eskaintzen dau: diseinuan eta eraikuntzan parte hartu eben personak, hesia defendidu eben batailoiak eta Gerra Zibilaren beste aitamen asko. Bestetik, Bilboko Turismo Bulegoan eta funikularraren geltokian Memoriaren Ibilbidearen inguruko informazino-triptikoak emongo ditue.

Juan Mari Aburto alkatearen esanetan, era bidebakoan jasandako sufrimenduak dauen garrantzia nabarmentzen dau Memoriaren Ibilbideak, eta bizikidetza demokratikoa eta pakean eta giza eskubideen defensan oinarritutako gizarte bat eregiteko ahalegina autortu. Aintzane Ezenarrok proiektuaren alde pedagogikoa nabarmendu dau, memoria historikoa hurrengo belaunaldiei helarazoteko.

Ugaoko Burdin Hesia

Bilbon legez, Ugaon be Burdin Hesiaren inguruko panela asteon inaugurau dabe. Udalerri horretan gordeten diran Burdin Hesiaren arrastoak eta Gerra Zibileko jazoerak azaltzen ditu panel barriak. 2,5 kilometroko ibilbidea egin leiteke Ugaon. Artxandakoaren formatu bardina dauka Ugaoko panelak, Memoriaren Ibilbideak sustatzeko hitzarmen beraren ondorioa dira eta. Burdin Hesiak zeharkatutako 33 udalerrietan halako panelak ipintea da asmoa eta Bilbo eta Ugao izan dira lehenengoak. 

Ugaoko panelaren eta ibilbidearen aurkezpena (argazkia: Gogora)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu