Ana Ibañez Elosua eta Dani Martirena Indart egileek irabazi dabe 2018ko Etxepare saria
2018-06-20 08:07 KultureaEtxepare sarietara 19 lan aurkeztu dira eta Cosimoren katiuskak izan da irabazlea.
Lan irabazleari jagokonez, Cosimo eta parke txiki bat dira protagonista. Cosimok arbola batean eregi dau etxolea, eta hortik inguruari erreparetan deutso. Egileek Italo Calvinoren Il barone rampante liburu ezagunaren erreferentzia erabili eta gaurkotu dabe, Cosimo umeari baliabide barriak emonez eta, gizartean kokatuz, edertasunaren aldarrikapena zabaldu dabe.
Epaimahaikideek azpimarratu dabenez, Gogoetarako kontakizuna be bada gaur saritzen gagozan obra hau, testuak poesia dakar, umorea eta olgetea: berbakaz olgetan dau idazleak, irudiakaz marrazkilariak. Biek album ilustratu baten ezaugarri nagusiak bikain erakusten ditue, hau da, irakurlea adi egotearena eta heldu baten konpainia ezinbestekoa izatearena.
Cosimoren katiuskak liburu indartsua da bai testuan baita ilustrazinoan be, aberatsak dira bi lengoaiak. Maila teknikoan ausarta, guztiak dau zeresana, eta horregaitik eskaintzen dau irakurketa ugari; arriskatzen dauen obra bat da, euskal idazle eta ilustratzaileen mailea ondo baino hobeto erakusten dauena.
Epaimahaian izan dira Leire Bilbao (idazlea); Leire Salaberria (ilustratzailea); eta Asun Agiriano (bibliotekaria). Saria: Sari bakarra emon da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan.
Argitalpena: Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko dau, euskeraz, 2018ko udagoienean.
Dani Martirena Indart
Legasan jaioa, kazetaria ogibidez, azken urteotan Euskal Irrati Telebistako albistegietan erredaktore lanak egiten ditu.
Literatureari jagokonez, han eta hemengo lehiaketetan saritu izan ditue bere idazlanak, tartean, Basauriko Euskarabila alkarteak urteetan antolatutako ipuin erotikoen lehiaketan; eta Txalaparta argitaletxeak lan sarituakasz argitara emondako liburu bildumetan irakurri daitekezanak: Bero Hezeak (2001) eta Esku Hori (2012).
Iruñeko Udalak egile barrientzat antolatzen dauen literatura lehiaketan be nabarmendu ditue bere lanak, kasurako, lehen saria jaso eban 2015. urtean, Astearte hark arrunta behar zuen narrazino laburragaz.
Nafarroan euskeraz idazten daben egileakaz Pamiela argitaletxeak 39 idazle nafar izenburupeko argitalpenean be parte hartu dau, Listu balak idazlanagaz (2017).
Umeentzako literatureari erreparauta, auto-produkzinoaren bidetik liburu bi argitaratu ditu Ana Ibañezegaz batera: Hankaz gora du amak mundua (Liburu iletsuak, 2015), Jonek Jone izan nahi du (Liburu iletsuak, 2017).
Ana Ibañez Elosua
Iruñean jaioa, Arte Ederretan lizentziaduna eskultura alorrean. Era berean, grabadu eta estanpazino teknikak ikasi zituan Iruñeko Arte Eskolan.
Hainbat taldekako zein norbanako erakusketetan parte hartu dau. Zizur Nagusiko kultur etxean, Biguina eta beroa (2004), Koloreak eta hariak Gayarre Antzokian (2003) edo Haragi barruko lorategiak Molmar arte galerian (2002) dira banaka egindako erakusgaien adierazgarri.
Sariak eta bekak be jaso izan ditu; berbarako, eskulturako 2. saria eta pinturako 3. saria Iruñeko Gazte Sarien XIV. deialdian.
Auto-produkzinoaren bidetik, Dani Martirenagaz batera, Hankaz gora du amak mundua eta Jonek Jone izan nahi du liburuetarako ilustrazinoak egin ditu.
Etxepare Saria
Etxepare saria Nafarroako 22 toki erakundetako euskera zerbitzuen bidez antolatzen dabe.
Laguntzailea, barriz, Pamiela argitaletxea da eta babeslea: Nafarroako Gobernua – Euskarabidea.
Nafarroako 22 toki-erakundetako euskera zerbitzuen bidez, Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea egoela ikusi, eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izateko saria sortzea erabagi eben 2004an. Ume, gazte eta helduentzako literaturea saritu eben edizino bitan.
2006tik aurrera, Etxepare umeentzako albumak sortzeko beka bihurtu zan, euskeraz sortutako albumen produkzinoa sustatzeko helburuagaz, izan be, euskeraz argitaratzen diran album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskeraz sortuak.
Bestalde, albumak dituan ezaugarriakaitik karua da produkzinoa. Argitaratzeko zailtasun hori bihurtzen da, hain zuzen, albumak sortzeko oztopo nagusi. Beraz, Etxepare sariaren helburuak beteteko ez da nahikoa saria emoteagaz, lanak argitaratzen be lagundu behar da. Esangura horretan, saritutako lana Pamiela argitaletxe nafarrak argitaratzen dau.
2009tik Etxepare bekea izateari itxi eta saria bilakatu da; lehiatuko diran albumak amaituta aurkeztu beharko ditue lehiakideek.
2017an, Ainara Azpiazu (Axpi) & Paula Estévezen Arraroa lana izan zan irabazlea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!