Puntueus-ek 10.000 domeinu izen nahi ditu
2018-06-15 10:38 KultureaEuskal komunidadearen domeinua onartu eta bost urtera, aurreikusitako martxan hazten dabil.
Etenik bako aurrerabidean sartuta dagoan arren, Puntueus Fundazinoak atzera begiratzeko tartetxua hartu dau egunotan, efemeride biribil baten atxakian. 2013ko bagilaren 14an, orain bost urte, ICANN nazinoarteko erakundeak modu ofizialean onartu eban .eus, euskerearen eta euskal kulturearen interneteko domeinua. Urteetako lanari egindako autortzea izan zala adierazo eben orduan fundazinoko ordezkariek. Urtebete geroago, 2014ko bagilean, .eus amaieradun lehenengo webguneak sarean agertu ziran.
Urteurrena aprobetxauta, Puntueus Fundazinoak balantzea egin dau: Gaur egun, 8.400 domeinu izen inguru dagoz erregistrauta eta, hortaz, aurreikusitako hazkundearen barruan dago. 2020rako .eus Euskal Herriko hirugarren domeinua izatea da helburua, eta bide horretan sendo doaz orain arte.
Interneteko euskal komunidadeari .eus proiektuagaz bat egiteko deia egin deutse fundazinokoek, eta erronkea be bota dabe: Baietz laster 10.000 domeinu-izenetara heldu. 10.000ra goaz, bazatoz? goiburupean kanpainea egiten dabiz.
2013ko bagileko onarpen ha ez zan goizetik gauera lortutakoa izan, aurreko urteetan egindako ahaleginaren ondorioa baino, PuntuEus Fundazinoak gogoratu dauenez. 2007an sortu eben proiektua eta urtebetera jaio zan PuntuEus alkartea, geroagoko fundazinoaren hazia. 2013an, domeinua onartzea milaka euskaldunen parte-hartze aktibo eta konpromisoagaitik izan zan posible, adierazo dabe.
Nazinoarteko erakundeen onarpen ofiziala, helburua baino, abiapuntua izan zala dinoe fundazinokoek: ICANN erakundeak .eus onartzea fase barri baten hasierea besterik ez zan izan, domeinuaren benetako ibilbidea orduan hasi zan. Izan be, domeinua erabiltea, ikustea eta indartzea da .eus-i zentzuna emoten deutsana. Hain zuzen, horixe da, nazinoarteko autortzatik harago, euskerearen herria munduaren aurrean ikusgarri bilakatzeko modua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!