Telesforo Monzonen ibilbidea batu dau Pako Sudupek

Bizkaie! 2018-06-14 10:27   Kulturea

Aristokraten familia baten jaio arren, Monzonek herriaren alde ahalegin handia egin ebala nabarmendu dau autoreak.

Euskal politikagintzeak XX. mendean izan dauen figura garrantzitsuenetako bat izan zan Telesforo Monzon bergararra (1904-1981), bai Gerra Zibilaren aurretik eta baita diktadurearen urteetan be. Haren ibilbide politikoa eta pentsakerea jorratu ditu Pako Sudupek Telesforo Monzon, aristokrata abertzalea liburuan (Txertoa).

Monzonen bizitzea hainbat ataletan banatu dau Sudupek, aldaketa nabarmenak egon ziralako sasoi batetik bestera. Lehenengo mende laurenean, Monzon ez zan gehiegi nabarmendu, ez herrigintzan eta ezta ikasketetan be, Espainiako hainbat lekutan ikasten ibili arren. Bergarako aristokraten familia batekoa zen bera, eta balore tradizionalak jaso zituan etxean. Gerora, baina, bere ibilbideak beste norabide bat hartu eban.

EAJ alderdian sartu eta buruzagietako bat bihurtu zan. Esate baterako, Gerra Zibilaren sasoiko Eusko Jaurlaritzan sailburu izan zan, eta Espainian diputadu. Euskerea berreskuratu eta hizkuntzearen aldeko lan sutsuari ekin eutsan.

Francoren diktadureak aurrera egin ahala, baina, Telesforo Monzon euskal abertzaletasunaren beste ikuspegi barri batzuk ezagutzen hasi zan. Ipar Euskal Herrian bizi izan zan, erbesteratuta. 1950eko hamarkadearen amaieratik aurrera, ETAren sorrerea, Aberri Egunak, errefuxiatuak... hurretik bizi izan zituan eta, alderdia itxi barik, EAJgaz gero eta kritikoago bihurtu zan. Franco hil eta gero, Hegoaldera bueltau eta HB koalizino barrian sartu zan, baina handik gitxira hil zan.

Liburu honen bidez, Pako Sudupek Monzonen figurea ezagutzera emon nahi dau, batez be gazteen artean. Euskal politikako eragileen artean aberatsenetako bat dala begitantzen jako, haren ibilbide luze eta oparoagaitik. Diruduna izan arren eta lasai bizi izateko moduan egon arren, abertzaletasunaren alde dana emon ebala azpimarratu dau Sudupek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu