2018ko Kultura Ondarea Sariak banatu ditue Gasteizen
2018-06-13 08:17 KultureaBarakaldoko Minas, Durangoko Maristak eta Donostiako Bidebieta ikastetxeetako neska-mutilek irabazi dabe.
Iñigo Urkullu Lehendaria buru dala, 2018ko Kultura Ondarea Sariak emoteko ekitaldia egin dabe Gasteizen. Bingen Zupiria eta Cristina Uriarte sailburuak be han izan dira, Jaurlaritzako Kultura eta Hezkuntza sailek alkarlanean antolatutako lehiaketea dan ezkero. Bertoko kultura ondarea zabaltzeko gazteek eginiko ahalegina txalotu dau Urkulluk, eta parte-hartzaileei esker kulturea barritu eta gaurkotu egiten dala ganeratu.
2018ko edizinoan, Euskal Autonomia Erkidegoko 18 ikastetxetako 66 ikasle-taldek parte hartu dabe. Durangoko Maristas ikastetxeari sari berezia emon deutsie, lan gehien aurkeztu dituan zentroa izan dalako, 18 guztira. Hiru sari nagusiak, ostera, honeek izan dira:
-Barakaldoko Minas Bigarren Hezkuntzako Institutuko ikasleen Guztiok gara Euskal kultura Ondarea izeneko bideoa. Inmigrazinoa gure identidadearen zati garrantzitsua dala dinoe hor.
-Durangoko Maristak ikastetxekoen Gero izeneko lana, epaimahaiaren eretxian heldutasun handia agertzen dauelako ikus-entzunezkoen baliabide teknikoetan. Axularren Gero liburua abiapuntu, erakutsi dabe ondarea dinamikoa dala eta euskerearen bilakaerearen gaia be landu dabe.
-Donostiako Bidebieta Institutuko ikasleen Gutun baten atzetik bideoa. Eskutitz batetik abiatuta, baserriaren bilakaerea azaldu dabe, baita oroimen historikoa be. Gerra Zibila, erbestea eta Bidebieta auzoaren garapena jorratu ditue.
Kultura Ondarea Sariak urtero antolatzen dira, orain dala lau urtetik, gazteek gure inguruko ondarea ezagutu eta ikus-entzunezko pieza laburren bidez aztertu deien. Era horretara, Euskal Herriko aberastasun kulturalak eta teknologia barriak lantzen ditue ikastetxeetako neska-mutilek. Iñigo Urkullu Lehendakariak zera esan deutse sarituei: Erakutsi nahi geuntsuen ondarea ez dala urruneko zeozer, ez da zaharkitua, aspergarria… kontrakoa, gizakiak munduan ixten dauen arrastorik behinena da kulturea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!