Bagilaren 16an egingo da Arratiatik Urkiolarako errogatibea
2018-06-13 08:34 KultureaUrkiolara joan, zapatak urrutu... Aita San Antoniok barriak egingo ditu...
Autobusez, eta Dimatik, Igorretik eta Zeanuritik oinez egiteko aukerea izango da Urkiolara joan, zapatak urrutu... Aita San Antoniok barriak egingo ditu... dino kopla zaharrak, eta oinetakoak urrututeko aukerea izango dabe Arratiako oinezko errogatiban parte hartu gura dabenek. Bagilaren 16an, zapatuan, egingo da Urkiolara, Paduako San Antonioren santutegira errogatibea. Tradizinoa jarraituz, San Antonio egunaren osteko zapatuan izaten da arratiarren errogatiba eguna; lehenago herri bakotxak bere errogatibea antolatzen baeban be, azken urteotan, Arratiako parrokia guztiak aldi berean joaten dira Urkiolara, bailarako abadeakaz batera; horretarako, Arratiako Udalen Mankomunidadeak lau autobus ipiniko ditu. Autobusean joan etorria egiteko, ala etortzeko baino ez bada, izena emon behar da astebete lehenago. Dana dala, erromes guztiak ez dira autobusean joango, batzuk euren kotxeetan eta beste batzuk oinez joango dira eta.
Aurten be Arratiatik Urkiolara joateko oinezko ibilaldi gidatuak izango dira Dimatik, Igorretik eta Zeanuritik. Dimako plazan goizeko 06:00etan izango da urtekerea, Igorren be ordu berean San Antonioren ermitatik abiatuz eta Zeanurin San Antonio txikerraren (plaza ondoan) ermitearen aurretik abiatuko dira, 07:30ean. Zeanuri eta Urkiola lotzen dituan ibilbidea orain dala hiru urte seinalizau zan PR-BI 1 moduan; Joko Alai Alkarteko boluntario talde batek seinalizau eban Zeanuriko Udalaren laguntzinoagaz eta errogatiba eguna bide hori erakusteko eta ezagutzera emoteko aprobetxauko da. PR-a Zeanuriko plazatik abiatzen da, Soloeta eta Makaztui auzuneetatik igaroz, Zumeltzako atsedenlekura zuzentzeko, eta hemendik santutegira dagozan 5,5 kilometroak egiteko, GR 12 (Euskal Herriko bidezidorra) ibilbide luzea jarraitzen da. Martxea normalean, hiru ordu eta hamabost minutuan egin daiteke.
II. Argazki Lehiaketea
Aurten be argazki lehiaketea izango da, Zulaibar Lanbide Ikastegiak antolatuta, Arratiako herriak Urkiolara egiten dauen errogatibea gai moduan hartuta. Gaiagaz zerikusia dauen edozein argazki aurkeztu ahal izango da, balio antropologikoa, etnografikoa, erlijiosoa edo naturalistikoa euki leikena. Irabazleak 200 euroko balioa izango dauen saria eroango dau, Arratiako Merkatarien Alkarteko edozein denda edo zerbitzutan gastau ahal izango dan bonoa. Argazkiak epostaz edo postaz bialdu ahal izango dira honako helbideetara: errogatibea@zulaibar.org edo Arratiako Andra Mari Parrokia, Elexalde 22, 48140, Igorre. Arratiar asko hurreratuko da Urkiolara, batzuk kotxean edo autobusean eta beste batzuk oinez Ibilaldi gidatuetako bat Zeanuriko plazatik aterako da, goizeko 07:30ean.
Egitaraua
Aurtengo errogatibearen lemak Jaunari kanta ona da-ta! izenburua daroa. Lema honegaz ondokoa azpimarratu gura da: alde batetik, Arratiako herrien kanta eta musikazaletasuna Jainkoa goratzeko be baliogarria dana, eta bestetik, aurteko herri antolatzailea Artea danez, Arratiako herri musikari bi gogoratzea: Leon Bilbao eta Maurizia Aldeiturriaga. Hildako musikari honeen semealabak, gurasoen musika tresnak eroango ditue Urkiolaraino, danon izenean Jainkoari aurkeztuteko eta bere bedeinkapena jasoteko.
Antolaketeagaz arduratzen dan parrokia, Arteakoa da aurten. Egitarauari jagokonez, hamaikak baino lehentxoago, ondoetorria emongo jake oinez, autobusean edo euren kotxeetan Urkiolara hurreratutako arratiar erromesei. Ondoren, eta aspaldiko usadioari jarraituz, letaniak abestuz sartuko dira erromesak Urkiolako santutegira, 11:00etan, Arratiako abadeek emongo daben mezea ospatzeko. Meza ostean, talde argazkia egin eta gero, Gorbeialde Landa Garapenerako Alkarteak eta Arteako Jubilatuen Alkarteak kopaua eskainiko deutsee Urkiolara hurreratzen diran arratiarrei. Ekitaldi honegaz egitarauari amaierea emongo jako eta autobusean etorritakoak 13:00etan euren herrietara itzuliko dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!