Èric Vergés: 'Musikearen alde positiboa interesetan jaku, jantzagarria izan daitela'

Koldo Isusi Zuazo 2018-06-11 08:00   Barriketan

Èric Vergés eta Rosser Cruells Els Catarres taldeko kideak. Hirugarrena, Jan Riera da.

Kataluniako pop-folk hirukotea da Els Catarres, Èric Vergés, Jan Riera Prats eta Roser Cruells-ek osotua. 2010. urtearen amaieran emon zituen lehen pausuak eta urtebete geroago, Cançons diskora batutako Jenifer izeneko kantua biral bihurtu zan You Tube plataforman.

Tabernetan joten hasi zan taldea eta orain, barriz, milazak lagun batzen dira kontzertuetan.

2012tik aurera sariak etorri ziran, Enderrock sariak, besteak beste, kanturik, diskorik zein zein zuzenkorik onenari eta Arc 2013 birarik onenari; Anxova  d'Or; Big Bang diskoaren hogei mila ale saltzeagaitik Urrezko Diskoa...

Orain arte bost disko kaleratu ditu: Tintin i la Contorsionista (2012), Els Catarres Cançons 2011 (2011), Postals (2013), Big Bang (2015) eta aurtengo Tots Els Meus Principis (2018).

Kontuak kontu, zuzenekoakaz hasita dagoz eta datorren barikuan, hilaren 15ean, Bilboko Kafe Antzokian izango doguz Buhos taldeagaz batera.

Diskoaren ganeko azalpenak emoten Eric eta Rosser azaldu ziran gurean eta hona hemen kontau euskuezanak:


1.- Zer moduz Tots Els Meus Principis disko barriaren aurkezpen kontzertuak? Jenteak zelan hartu dau?

Eric: Ondo, sano ederra da jentearen erantzuna; hasiera-hasieratik oso hur sentidu doguz zaleak. Bartzelonan sei mila lagunen aurrean hasi ginan, kopuruaren aldetik orain arte egindako handiena eta ordutik kantua barriak zein zaharrak geugaz batera kantetan ditue. Disko barri batek ze harrera izango dauen sekula jakin ez arren, benetan ederra izan da hasiera hau.


2.- Orain zazpi bat urte hasi zinien tabernetan joten eta aurrerabidea sekulakoa izan da. Zelan bizi dozue esperientzia?

Rosser: Bai. Taldea sortu genduanean, hasierako filosofia zan hori, hiru lagun izatea taldean, musik tresna akustikoakaz, soinu-instalazinoa erraz egin eta tabernatan jo ahal izateko. Baina Jaialdi handietan gabiz orain eta gauzak sano aldatu dira. Ez genduan espero holako jarrerarik eta oso pozik gagoz.


3.- Zuon Jenifer kantuak eragindakoa sekulakoa izan da. Milazak entzunaldi izan ditu kantuak eta saria be hartu zenduen ganera. Zer dauka kantu horrek?

Eric: Dana zor deutsagu kantu horri; Jenifer izan da Rosserek esaten izan dauenaren erruduna, izan be, tabernako taldea ginan eta kantu horrek izan eban erantzunaren ostean, goitik behera aldatu zan dana. sare sozialetan eta biral egin zan eta mundu guztiak gura eban taldea zuzenean ikusi. Kontzertu ugari emon
genduzan, emoten gagoz eta zoramena da. Guk geure lana geunkan eta hor izan zan momentua gogoetea egin eta pentsetako taldeagaz modu profesionalean jarraitu gura genduan ala ez. Eta esango neuke erabagia zuzena izan zala.


4.- Sariak be ugari hartu dozuez, Enderrock sariak, berbarako, kanturik, diskorik zein zuzenekorik onenari, Urrezko Diskoa...

Rosser: Oso pozik gagoz ze sari horreetako asko kririkarienak ez eze, publikoak emondakoak dira eta horrek jentearen babesa erakusten deusku, gure musikeagaz disfrutau egiten dabela. Urtebete geldi egon eta gero, martxan hasi eta jaubetu gara subertedunak garela, gura dogun musikea egin eta publikoaren babesa
eta maitasuna sentiduten dogu. Opari ederra da hau guretzako, zer besterik behar dogu...


5.- Pop-rock, pop-folk ze musika egiten dau Els Catarres taldeak?

Eric: Nik uste dot pop musikea egiten dogula. Folk instrumentazinoa be badarabilgu eta orain, rock estiloa gehiago lantzen dogu, dana elektrikoa, Rosserek lehen kontrabajua joten eban eta egun baju elektrikoa darabil; gitarra elektrikoak sartu doguz, sintetizagailuak. Baina gure musikearen oinarrian popa dago.
Musikearen alde positiboa interesetan jaku, jantzagarria izan daitela eta, atsegina eta, publikoari sentimendu ederrak eragiteko kapaz dana.


6.- Datorren barikuan, bagilaren 15ean, kontzertua emon behar dozue Bilboko Kafe Antzokian disko barria aurkezteko. Zer mezu bialdu behar deutsazue oraindino joan ala joan ez erabagiten dabizenei?

Eric: Kontzertua baino gehiago jaia izango da, geuk eta Buhos taldeak be joko dau eta jai giro aparta sortzea espero dot. Biok disko barriko kantuak joko doguz eta seguru Kontzertuan egon ostean, pozik joango dirala etxera. Etorri zaiteze danak geugaz jantzan egiten. Baina jenteak jakin daiala gure musikea
ezagutu eta entzun gura dauenak, doban egin leikela plataforma ezbardinetatik gure diskoak behera kargauta.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu