Zinebi 'Territorios y fronteras' Udako Ikastaroagaz bat eginda
2018-06-07 08:28 ZinemeaTerritorios y Fronteras 2018: We Mean barikura bitartean egingo da BilbaoArten.
Territorios y Fronteras 2018: We Mean barikura bitartean egingo da BilbaoArten, eta hamahiru dokumental egile eta sektoreko profesional garrantzitsuren partaidetzea izango dau.
BilbaoArte, Bilboko Udaleko Arte Produkzino Zentroa Territorios y Fronteras. We Mean. Zinema dokumental garaikidea eta gu izeneko udako ikastaroa jasoten dago egunotan, UPV/EHUren eskaintzearen barruan. Aurten be, ekimen horrek Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren –Zinebiren lankidetzea izango dau. Ikastaroa hiru egunez izango da, eta zinemearen alorrean aintzatespen handiko hamahiru emakumeren parte hartzea dakar.
Ikastaroaren bederatzigarren edizinoak zinema garaikideari buruzko topaketa eta gogoeta puntu izan nahi dau. Horretarako, hasieratik planteautako galdera berberetan sakontzen jarraitzea proponiduten da, aurten, emakumeek zinema dokumentalean beteten daben lekua oinarritzat hartuz. Holan, Territorios y Fronteras ekimenaren helburu nagusia zinema dokumental garaikidearen kartografia osotzen jarraitzea da, muga zehatzik ez dauen zinemearena, hain zuzen be.
Hiru egunetan, mintegia, gogoetarako, eztabaidarako, esperientzien eta ezagutzen trukaketarako eta film dokumentalak ikusteko gune bilakatuko da. Edizino honetan, zineman ibilbide garrantzitsua daben hamahiru emakume batu dira: aurten Berlinalean aurkeztu dauen Trinta Lumes bere azken filmari buruz berba egingo dauen Diana Toucedo; zuzendari entzutetsua izateaz gan, UABko Dokumentalaren Teoria eta Praktika Masterreko koordinatzailea be badan Virginia García del Pino; Casa de nadie film luzea aurkeztuko dauen Ingrid Guardiola; Dostopos kolektiboa –Ana Pfaf eta Ariadna Ribas–; eta beste batzuen artean, Agustí Villarongaren, Fernando Francoren edo Elías León Siminianiren filmetan ohiko gidoilaria dan Coral Cruz.
Konbidadu taldea profil teknikoa daben beste batzuek osotzen dabe: José Luis Guerínegaz, Isaki Lacuestagaz, Mercedes Álvarezegaz, Ricardo Íscarregaz edo Carla Subiranagaz lankidetzan dabilen Amanda Villavieja soinu teknikaria; Margarita Ledo idazle, zinemagile eta Konpostelako Donejakueko Unibersidadeko katedraduna; Beli Martínez, Galiziako zinemearen produktorea, Arraianos, Vikingland edo Jetlag lanakaz; Mostra Film de Doneseko zuzendarietako bat dan Anna Solà; eta UPV/EHUko Estíbaliz Alonso eta Aintzane Pagadigorria irakasleak.
Hiru jardunaldiei amaierea emoteko, bariku arratsaldean, Eta orain zer? izenburuko mahai-ingurua egingo da, Virginia García del Pinok eta Vanesa Fernández Guerra Zinebiko zuzendariak moderautakoa. Bertan, emakumeek zineman beteten daben benetako lekuari eta etorkizunerako laneko bide posibleei buruzko gogoetea egingo da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!