Euskal Herriko azpiegitura turistikoen bilatzailea eregi eta Interneten jarri dau Gaindegiak

Bizkaie! 2018-06-05 13:17   Kulturea

Danetara, 3.935 erreferentzia batzen ditu kategoria desbardinetan.

Danetara, 3.935 erreferentzia batzen ditu kategoria desbardinetan, besteak beste, turismo bulegoak, alojamenduak, museoak, osasun arretako guneak eta poliziaren egoitzak non dagozan konsultetako aukerea eskaintzen dau. Euskerazko beta bersinoa hemen; ingelesezko beta bersinoa hemen.

Era berean, uda honetan, pasa dan udagoienean egin zan moduan, atzerriko bisitariari Euskal Herriko geografia ezagutzera emoteko papelezko mapea editau dabe Basque People welcome you lemapean. Mapea Euskal Herriko azpiegitura turistikoetan eskuragarri egongo da. Horretarako nahikoa dabe komunikazioa@gaindegia.eus helbidera idatzi eta eskaerea egitea. Doban jarriko ditue hainbat ale (garraio gastuak eskatzailearen kontu).

Udagoieneko mapeagaz konparauta, honako honetan Euskal Herriko geografia hamar eskualdetan banatu dabe eta bisitariari eskualde bakotxari buruzko oinarrizko argibideak eskaintzen jakoz, baita aktualidade turistikoari buruzko webgune publikoen helbidea be zehetasunak ezagutu nahi izan ezkero.

Ekimen bion helburua gure artean gero eta gehiago dabizen bisitariei Euskal Herriaren lurraldetasunaren barri emotea da, izan be, bisitariak jasoten dauen informazinoa lurralde aldetik mugatua izaten da. Euskal Herriko geografia bere osotasunean jorratzen daben nazinoarteko gida turistikoak ugari dira (Lonely Planet, Bradt Guides, Michelin...), gure artean, ostera, oraindino ez dago behar dan lankidetzarik pausu hori emoteko. Esangura horretan, horren aldeko deia eta aldarria egitea da asmoa.

Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, bere egitekoen artean dauka Euskal Herria zertan dan azaleratu eta zabaltzea. Bere egitekoen artean, Euskal Herriko geografia sozioekonomikoari buruzko informazinoak argitaratzean berebiziko garrantzia autortzen deutso lurralde zatiketeak eragindako informazino eskasiak agirian jarteari. Asmo horregaz hainbat eduki eta tresna garatu ditu urte honeetan; nabarmentzekoak dira, besteak beste, www.atlasa.eus eta www.euskalgeo.eus.

Azken buruan, ibilbide horretan beste pausu bati ekin eutson Gaindegiak udagoienean, Euskal Herriko mapa turistikoa editau eta zabaltzeari, batez be, atzerriko bisitariek esku artean izan deiezan gure herriaren dimensino geografikoari buruzko tresnak. Asmo horregaz editau eben mapea (Basque People welcome you) eta milaka ale banatu interesautako establezimenduetan.


Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu