Plentziako VII. Nazinoarteko Metraje Laburreko Film Lehiaketeak badauka kartela

Bizkaie! 2018-06-04 07:57   Zinemea

Garagarrilaren 27an eta 28an izango da Mikrofilm Jaialdia Plentzian.

Kantsauta nago. kantsauta guzurrak esateaz, guzurrak asmeteaz, guzurra eta egia desbardindu ezin izateaz. Mary Astorrek bere burua diban baten ganera botaten itxiko dau lehio baten ondoan, bere begiak busti dagozala emoten dau, betazalak zarratu egiten jakoz eta Humphrey Bogart ezpain guzurti horreek musukatzera doa kanpoan itxaroten dagoan gizona ikusten dauen bitartean. Tonu bat, zinema baltz hutsa erakutsi euskuen El halcón maltes-en 10 segundu. Sexua eta heriotzea.
 
Garai hori eta bere protagonistak hilda dagoz, eta  El Halcon Maltes-en sekuentzia atzera filmetako hilobitik aterako bageunkez be, euren okela bako hazurrak milenio barriarentzat interpretetako kapaz ez dirala ikusiko geunke. Noir generoa aldatu egin zan, katalogo barriak inspirau zituen, sasoi barrietara egokitu zan, beti emozinoaren alde. Behar bada emozinoa izango da edozein generoren mamina; artifizioa, atrezoa, argiak, erropak eta industriak marketing eta publizidade estrategien bidez ezarritako generoen inguruko arauak, arin saltzeko baliabideak baino ez dira. Egia izaten jolasten daben guzurrak, politika eta zinemeak egiten dauen legez. Gizonentzako zein emakumeentzako guzurrak, publiko guztientzako guzurrak, asmo on eta txarreko guzurrak edota oraindino sailkatu bako sentsibilidadeentzako guzurrak. Generoak alkarregaz bizi dira, nahastu eta konplexuagoak, interesgarriagoak baina antolatzeko gatxagoak be bilakatzen dira.
 
Genero baltzaren kontaera ofizialak dakarren legez bere ahalmen narratiboak 1958rako agortuta egozan, izan be, askorentzat urte honetakoa dan Sed de mal filmaren generoak azkena emon eban. Baina 16 urte geroago noir generoa eguneratu egin zan eta zensurearen mugak gaindituz aldatu eta konplexuagoa bilakatu zan, Chinatown kolorezko film deserosoagaz. Bihotz uritar ustelagaz gozau eta ordurarte galarazota egon ziran biolentzia grafikoa eta intzestuagaz ondu eban. Geroago etorri ziran Serie negra, El demonio bajo la piel edota Kiss Kiss, bang bang. Baina Jack Nicholson eta Faye Dunaway-ren arteko dinamikea, eszitazinoa eta agresibidadea, oraindino geugaz dagoz fikzinoan Bogart eta Astor-en arteko musu horretatik. Akaso gaur ez da hain generoa, baina bada hain baltza.
 
Espektakuluaren alde.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu