'Black is Beltza' urriaren 5ean estreinauko dabe

Bizkaie! 2018-06-01 10:08   Zinemea

Fermin Muguruzak zuzendutako pelikulan musikari eta aktore ezagunek hartu dabe parte.

Black is Beltza, izen bereko nobela grafikoan oinarritutako pelikulea, zinema-aretoetara noz helduko dan zabaldu dabe proiektuaren arduradunek: Urriaren 5ean izango da eta, era horretara, Fermin Muguruzaren ibilbidean mugarria izango dan lana publikoari aurkeztuko deutsie.

Muguruza da egitasmo honen bultzatzailea, zuzendaria eta, azken baten, arimea. Baina elebarri grafikoan egin eban legez, oraingoan be sortzaile handien alkarlana bilatu dau, Black is Beltza goi mailako produktua izan daiten. Hiru urteko produzino lana izan da eta Harkaitz Canok idatzi dau 80 minutuko filmaren gidoia.

Animazinozko filma dan arren, aktore ezagunek hartu dabe parte, pertsonaiei ahotsak ipinten: Unax Ugalde, Isaach de Bankole, Ramon Agirre, Rossy de Palma, Ramon Barea, Willy Toledo, Jorge Perugorria, Hamid Krim eta Emma Suarez ibili dira horretan, besteak beste. Euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta arabieraz dago gidoia.

Bestetik, musikeari be garrantzia emon deutso Muguruzak. Film barriaren bereizgarri izango dan soinu bandan Anari, Maika Makovski, Manu Chao, Iseo, Ana Tijoux eta beste askoren ekarpenak dagoz. Muguruzak berak be parte hartu dau alderdi musikalean.

2014an plazaratutako Black is Beltza nobela grafikoaren hariari heltzen deutso izen bereko filmak: 1965ean, New Yorken, Iruñeko erraldoien konparsea desfile baten egotekoa da, baina erraldoi baltzari ez deutsie urteten itxi nahi, arrazakeria dala eta. Hortik abiatuta, Manex protagonisteak 1960ko burruka sozial handienak bizi izango ditu.

Hortaz, Black is Beltza filmak badauka estreinaldirako egun ofiziala,  baita kartela be:

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu