Kontzertu batek zabalduko dau 16. Caostica jaialdia

Bizkaie! 2018-05-31 09:27   Zinemea

Bagilaren 1etik 11ra egingo dabe film labur eta bideoklipen topaketea.

Bilboko Film Labur eta Bideoklipen Jaialdia, Caostica, 16. edizinora heldu da, proposamen alternatibo eta barritzaile baten bidez zaleei ikus-entzunezkoen eta musikearen arloko pieza harrigarrienak erakusteko prest. Egitarauari ekiteko, kontzertu berezia antolatu dabe bagilaren 1erako, Bilborocken. Los Ganglios izango da talde nagusia eta DJ Mimoloko eta DJ Anisakis be oholtzan izango dira.

Kontzerturako sarrerak 10 euroan saltzen dabiz Kutxabanken kutxazainetan eta 12 euroan txarteldegian. Caosticako arduradunek azaldu dabenez, emonaldi honetan batutako diruari esker, jaialdiko ganerako ekintza guztiak dobakoak izango dira.

Aurtengo edizinoan, 12 herrialdetatik etorritako 54 ikus-entzunezko lan erakutsiko ditue Caostican. Batetik, film laburrak egongo dira eta, bestetik, bideoklipak. David Valero, René Nuijens, Koldo Almandoz, Zuzanna Plisz, Marc Riba, Ana Solanas, Jossie Malis, Caye Casas, Albert Pintó... dagoz egileen artean. Bideoklipetan Green Day, Atom Rhumba, Sons Of Aguirre, Los Ganglios, Guadalupe Plata, El Coleta eta Highlights taldeen doinuak entzun leitekez, besteak beste.

Edizino honetako epaimahaian Raquel Meyers artista bisuala, Gorka Aguirre FX artistea eta Ernesto de Nova zinema zuzendaria dagoz.

Sail ofizialeko proiekzinoak eta jarduera osogarriak Bilboko hainbat lekutan izango dira: Bilborocken, Anti liburudendan, EHUren Bizkaia aretoan, Artxandan... Jaialdiaren alderdi solidarioaren erakusgarri, Gurutzeta eta Basurtuko ospitaleetako pediatria eremuko gaztetxuek aukeratutako animazino lanak emongo ditue BBK-ren gizarte ekintzeari esker.

Programazino guztia, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu