'Ikusmira Berriak' programarako lanak aukeratu ditue
2018-05-25 11:11 ZinemeaArantza Santestebanen proiektua be hautatu dabe.
Alemania, Argentina, Espainia eta Errusiako zuzendariek euren ikus-entzunezko proiektuak garatuko ditue Ikusmira Berriak programearen esparruan; laugarren edizino honetan, aukeraketa batzordea Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroko, Donostiako Zinemaldiko eta, lehen aldiz, Elías Querejeta Zinema Eskolako kideek osotuten dabe. Orain, 31 herrialdetatik jasotako 155 proposamenen artean, proiektu honeek aukeratu ditue: Argentinako Manuel Abramovich zinemagilearen (Buenos Aires, 1987) El oasis, Alemaniako Nele Wohlatz-en (Hannover, 1982) Dormen os peixes de olhos abertos eta Espainiako Elena López Riera-ren (Orihuela, 1982) El agua. Euskal Herriko zinemagileen artean, Arantza Santestebanen (Iruñea, 1979) 918 gau. Nest-eko (Zinema Ikasleen Nazinoarteko Topaketea) ikasle ohien artean, Grigory Kolomytseven (Krasnodar, Errusia, 1990) Chupacabra.
Aukeratutako bost proposamenak kartzelako eguneroko bizitzeari, pornoaren industriari, umezaroari eta deserrotzeari buruzko proiektuak dira. Bosgarren proiektua Tabakalerak eta Donostiako Zinemaldiak atontzen daben ikus-entzunezko egoitzen programa honetara Elías Querejeta Zinema Eskola kide moduan sartu izanari esker aukeratu ahal izan dala dinoe antolatzaileek.
Aukeratutako zinemagileetako batzuek ibilbide luzea dabe nazinoarteko zinemaldietan. Abramovich-ek filmak estreinau izan ditu Berlinen edo Karlovy Vary-n, azken honetan aitamen berezia jaso eban; eta aurreko urtean bere azken filma, Soldado, Zabaltegi-Tabakaleran proiektau eben. Bestetik, López Riera-k lan bi aurkeztu ditu Cannes eta Locarnoko Zinemagileen Hamabostaldian eta Nele Wohlatz-ek opera onenari saria jaso eban El futuro perfecto pelikuleagaz, Locarnon eta Zinebin. Kolomytsev, bere aldetik, urte bian jarraian aukeratu dabe Nest-en (2016 eta 2017). Arantza Santestebanen azken lana, Irati Gorostidigaz batera zuzendutakoa, igazko Donostiako Zinemaldian proiektau eben, Zinemira atalean, profesionalei zuzendutako Kimuak katalogoaren saioen barruan.
Bost zinemagileek sei asteko egoitzea egingo dabe Donostian, datorren abuztuaren 20tik aurrera. Lehen lau asteetan, euren proiektuak garatuko ditue Tabakalerako Sortzaileen Gunean. Horrezaz gan, maisu-eskolak eta adituen batzordeko kideen aholkularitzea jasoko ditue. Aurtengo batzordea Sergio Oksman zinemagile brasildarrak, Fodhla Cronin O’Reilly produktore irlandarrak eta TorinoFilmLab-eko zuzendari Savina Neirottik osotuko dabe. Batzordeak epaimahaiari lagundu deutso proposamenen hautaketan.
Egonaldiaren bosgarren astean, pitching saioa atonduko dabe, hau da, seigarren eta azken astean Donostia Zinemaldiaren barruan industriako kideei egingo deutsien aurkezpena. Egoiliarrek aukerea izango dabe euren proiektuetan parte hartu nahi daben profesionalakaz hitzorduak egiteko, eta Zinemaldiko proiekzinoetara eta industriako jardueretara joateko akreditazinoa izango dabe.
Ikusmira Berriak programearen bidez, ganera, 25.000 euroko diru-laguntzinoa banatuko da aukeratutako proiektuen artean. Horrezaz gan, REC Grabaketa Estudioak postprodukzino-zerbitzuak eskainiko ditu sari moduan, film luze bat grabetako (35.000 euro).
Ikusmira Berriak programeak barrikuntzearen eta lengoaia barrien alde egiten daben talentu barriak eta ikus-entzunezko priodukzino etxe eta industriak inplikau nahi ditu. Tabakalerak, Elías Querejeta Zinema Eskoleak eta Donostiako Zinemaldiak atontzen dabe, REC Grabaketa Estudioaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntzinoagaz, eta Donostia 2016 Europako Kultura Uriburuak lagatako ondarearen parte da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!