'Areka' film laburra aukeratu dabe Seattleko jaialdian

Bizkaie! 2018-05-24 11:57   Zinemea

Mundu osoko 70 festibaletan parte hartu dau EHUko irakasle, ikasle eta ikasle ohiek eginiko lanak.

Seattleko Nazinoarteko Jaialdian Areka film laburra aurkeztuko dabe zapatuan, maiatzaren 26an. Begoña Vicario EHUko Arte Eder Fakultadeko irakasle eta ikerlariak koordinautako film labur horrek mundu osoko 70 festibaletan (Amerikako Estadu Batuetan, Italian, Argentinan, Frantzian, Kolonbian eta Erresuma Batuan, besteak beste) parte hartu dau dagoeneko. Seattleko Zinema Festibala AEBko handienetakoa eta garrantzitsuenetakoa da, industriaren eta egileen parebako topagunea.

Koplakaz lan egiteko modu kolaboratiboa orain dala urte batzuk jarri eben abian Begoña Vicariok eta bere lantaldeak. EHUko ikasleak, ikasle ohiak eta irakasleak integrauta eta kanpoko bertsolari eta idazleakaz kolaborau dabe azken lanetan. Areka pelikulan Andoni Egaña izan da, Miraila-n Miren Amuriza eta Beti Bezperako Kopla-n Maialen Lujanbio. Esku artean daben proiektu barri baten Miren Agur Meabe idazleak idatzi ditu testuak.

Areka film laburrak Espainiako gerra zibilean desagerrarazotako gizon baten eta beronen alabearen istorioa dakar: Euxebiren aita gerra garaian desagerrarazo eben nazionalek. Euxebik ez dau sekula jakin haren hilobia non egoan. Orain, 80 urte beteak dituala, topetako momentua heldu jako. Andoni Egañak sortu eta abestutako bertsoetan oinarrituta, eta hainbat animazino modu erabiliz, filmak gogora dakar asko dirala oraindik protagonistearen moduan euren senide eta lagunen gorpuen bila dabizanak herrietako areka eta bide bazterretan. 

Bego Vicario Calvo Arte Ederretan doktorea, animazino zinemagilea eta alor horretan ikerlaria da, ehunka festibaletan parte hartu dau, eta hamaika sari jaso ditu, besteak beste, Goya bat. Horrezaz gan, hainbat artikulu eta liburu be idatzi ditu, horreek guztiak animazino zinemagintza esperimentalari buruz. Vicariok EHU munduko bazter guztietan ezagutarazoteaz gan, bertoko hizkuntzea, kulturea eta errealidade soziala erakutsi ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu