Kore-eda, Cannesen irabazle

Bizkaie! 2018-05-21 07:48   Zinemea

Urrezko Palmea emon deutsie japoniarrari, eta epaimahaiaren saria, ostera, Spike Lee-k eroan dau.

Hirokazu Kore-eda, Cannesen | Ikusi handiago | Argazki originala

Pobrezia eta miserian bizi diranen errealidadea erakusten dauen filma saritu dau Cannesko 71. Zinemaldiak, Hirokazu Kore-eda japoniarraren Manbiki kazoku. Epaimahaiaren saria irabazitakoa da Kore-eda Cannesen, 2013an, eta, orain, Urrezko Palmea emon deutsie. Sari-banaketa ekitaldian, Cate Blanchett aktore eta aurtengo epaimahaiko buruak emon deutso garaikurra.

Palmareseko beste izen nabarmen bat Spike Lee da, haren Blackkklansman-ek irabazi dauelako epaimahaiaren sari berezia. Ku Klux Klan erakunde arrazistan izkutuan sartu dan poliza baten istorioa da. Zuzendari onenaren saria Pawel Pawlikowski poloniarrari emon deutsie, Cold War filmagaitik. Aktore onenaren sariak Matteo Garrone-k (Dogman) eta Samal Yeslyamova-k (Ayka) eskuratu ditue.

Aurrez iragarrita egon ez dan arren, Jean-Luc Godard zinemagile frantziarrarentzat be sari berezia gordeta euki dau Cannesko Zinemaldiko epaimahaiak. Haren ibilbide oparoa gogoratu eta zinemagintzeari egindako ekarpenak eskertzeko, Cate Blanchett epaimahaiburuak Urrezko Palma berezia emon deutso Godardi. Nouvelle Vague mobimenduaren sortzaileetako bat izan zan ezkero, frantziarrak zinemagintzea goitik behera aldatzen lagundu eban 1960ko hamarkadan eta harrezkero be makina bat film bikain zuzendu ditu.

Le livre d'image filma aurkeztu dau Godardek Cannesera, baina horrek ez dau saririk eskuratu. Dana dala, Urrezko Palma bereziari esker, ez da esku hutsik etxeratu. Sail ofizialean 21 pelikula lehiatu dira aurten.

Cannesko azken eguneko beste momentu esanguratsu bat The Man Who Killed Don Kixote filmak ekarri dau, izan be, Gorabehera judizial batzuk ebatzita, amaiera galan proiektau ahal izan eben lehenengo aldiz Terry Gilliam-en lana, ikusmin handia eraginez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu