Ander Ucelay eta Julen Erezuma, asteburuan nagusi

Bizkaie! 2018-05-21 08:08   Bertsolaritzea

Udabarriko faseko saioak irabazi ditue, Areatzan eta Astrabuduan, hurranez hurran.

Areatzako saioa (argazkiak: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Regueibertso ekimenagaz bat eginda, Arratiara jo eban Bizkaiko Bertsolari Txapelketeak zapatuan, Areatzara hain zuzen. Udaletxeko areto nagusian jokatutako saioan, Ander Ucelay izan zan nagusi, epaileek emondako 169,5 puntuei esker.

Bigarrenaren eta hirugarrenaren artean puntu erdiko aldea baino ez zan egon: Garikoitz Sarriugartek 162,5 puntu eskuratu zituan eta Asier Alcedok, 162. Laugarren Naroa Torralba izan zan (138,5), bosgarren Xabier Iturraspe (136) eta seigarren Markel Baroja (123).

Gai-jartzailea Zihara Enbeita izan zan Areatzan eta epaimahaian honeek egon ziran: Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Miriam Juaristi Urizar; idazkari, Itziar Basterretxea Olarreaga.

Domekan, barriz, Erandioko Astrabudua auzoko Josu Murueta kultura etxean alkartu ziran bertsolari eta bertsozaleak. Han, Julen Erezuma izan zan nagusi, 173,5 puntugaz. Bigarren Paule Loizaga izan zan (160) eta hirugarren, Imanol Arrutia (159). Atzerago geratu ziran Beñat Bilbao (154,5), Galder Bilbao Txapi (138) eta Eneko Barruetabeña (136,5).

Epaimahaian honeek egon ziran: Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Joseba Santxo Uriarte eta Miriam Juaristi Urizar, eta idazkari Itziar Basterretxea Olarreaga. Gai-jartzaile, ostera, Itxaro Juaristi Olaetxea ibili zan.

Hurrengo saioa Udabarriko Faseko azkena izango da eta, hortaz, udagoieneko kanporaketetara nortzuk pasauko diran jakingo dogu. Abadiñoko Errota kultura etxean izango da azken saio hori, zapatuan, hilak 26. Honeek bertsolariak egongo dira oholtzan: Arkaitz Zipitria, Asier Urkiza, Eneko Arrate, Gurutz Uruburu, Ibon Larrazabal eta Mikel Aiartzaguena.

Julen Erezuma kantuan, Astrabuduako saioan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu