Galiziako regueifeiroak Arratian dagoz

Bizkaie! 2018-05-16 13:20   Bertsolaritzea

Regueibertso alkartrukearen hirugarren edizinoa martxan da.

Gazte galiziarrak eta euskaldunak Regueibertson (argazkia: Mintzola) | Ikusi handiago | Argazki originala

Igorreko Arratia BHI eta Galiziako Vila de Cruces herriko IES Marco do Camballón eta Zas udalerriko IES Maximino Romero de Lema ikastetxeak alkartrukea egiten dabiz hirugarren urtez. Regueibertso ekimenean, galizierazko eta euskerazko inprobisadoreek, regueifeiro eta bertsolariek, alkar ezagutzen dabe. Gazte bizkaitarrak maiatzaren hasieran egon ziran Galizian eta egunotan galiziarrak dagoz Arratian.

Mintzola Ahozko Lantegiak jakitera emon dauenez, zapatura arte hainbat jarduera antolatu ditue. Ekitaldi nagusia bihar, eguena, egingo dabe, Igorreko Lasarte aretoan: Regueifeiroek eta bertsolariek ez eze, beste kultur adierazpide batzuetako ordezkariek parte hartuko dabe. Ondoren, talo jana egongo da.

Barikuan, Sitio distinto filma proiektauko dabe Lasarte aretoan bertan, 19:00etan. Davide Cabaleiroren lana apropos-aproposa da Regueibertsorako, izan be, Galiziatik Euskal Herrira etorritako personen bizipenak jorratzen dira.

Azkenik, zapatuan Arratiako regueifa txapelketea egingo dabe Areatzako plazan: Baio, Burela eta Vila de Cruces herrietako regueifeiroek kantauko dabe, eta Txerra Rodriguezek itzuli egingo ditu hareen esanak. Gai-jartzailea Maite Berriozabal izango da. Ondoren, txikiteoa egingo dabe kalerik kale, bertsolariak eta Kataluniako glosadoreak lagun. Eguna biribiltzeko, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako saioa egongo da Areatzan bertan.

Alkar ezagutzeko eta kantu inprobisaduen arteko trukea bultzatzeaz gan, gazteen artean euskerea eta galegoa indartzeko balio dau Regueibertsok. Leloak, hain zuzen be, horixe nabarmentzen dau: Hizkuntzeak egiten gaitu. No caminho da lingua. Aurten hasita, ganera, Kataluniako glosadoreak be ekimenean parte hartzen hasi dira eta hurrengo edizinoetan trukea euren herrialdera zabaltzea da asmoa. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu