Asteon hasi dira 'Soinujolearen semea' grabetan

Bizkaie! 2018-05-17 09:29   Zinemea

Bernardo Atxagaren nobelan oinarritutako filma Fernando Bernuesek zuzenduko dau.

Fernando Bernues da zuzendaria | Ikusi handiago | Argazki originala

Antzerkirako bersinoak bere bidea egin eban antzokietan eta laster zinema-aretoen txandea izango da, izan be, Soinujolearen semea elebarrian oinarritutako bersino zinematografikoaren errodajea aste honetan hasi dala iragarri dau EITBk, proiektuaren babesleetako batek. Eusko Jaurlaritzea be filmaren sustatzaileetako bat da.

Zehaztu dabenez, grabazinoa zazpi aste ingurukoa izango da eta Gipuzkoa eta Nafarroako parajeetan ibiliko dira gehienbat. Bernardo Atxagaren liburu ezagunean oinarrituta, Patxo Telleriak idatzi dau pelikulearen gidoia eta zuzendari lanak, barriz, Fernando Bernuesek egin ditu.

Aktoreei jagokenez be, euskal eszenan ezagun egin diran ugari dagoz: Eneko Sagardoy da azken boladako aktorea euskal zineman, Errementari eta Handia pelikuletan egindako lanari esker eta Soinujolearen semea-ren egokitzapen zinematografikoan be parte hartzen dabil.

Aitor Beltran, Iñaki Rikarte, Cristian Merchan, Bingen Elortza, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson, Miren Arrieta, Laia Bernués eta abar be badagoz aktoreen taldean. Bestetik, Fernando Velázquez arduratuko da musikea sortzeaz eta produkzino zuzendaria Juanma Pagazaurtundua izango da, film ospetsu ugaritan ibilitakoa (800 balas, La comunidad, Lasa eta Zabala...).

Bernardo Atxagak 2003an argitaratu eban Soinujolearen semea. Euskal gatazkearen testuinguruan, nostalgia, memoria eta adiskidetasuna lantzen ditu autoreak. Protagonistak Joseba eta David dira, Francoren diktadurearen sasoian ETAko kide izandako lagun bi. Euren historiaren bidez, 1930eko hamarkadatik 2000. urtera arte euskal gatazkeak eta gizarteak izandako aldaketak agertzen ditu liburuak.

Soinujolearen semea-k hainbat egokitzapen eta itzulpen izan ditu. Antzerkirako moldatu eben lehenengo eta orain zineman ikusi ahal izango da. Ingelesera, frantsesera, alemanierara, errusierara, bulgarierara, galizierara, suedierara, italierara eta beste hizkuntza batzuetara itzulita dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu