FANT-ek ia 10.600 ikus-entzule izan ditu aurten

Bizkaie! 2018-05-15 12:31   Zinemea

Orain arteko errekorra da hori.

Danetara, 10.593 ikus-entzule izan dira 24. FANT-en, antolatzaileek dinoenez. Hortaz, zinemaldiaren historian orain arteko emoitzarik onena izan dau, igaz baino % 6 gehiago. FANT-ek zazpi urte daroaz eten barik hazten, programautako zinema-orduei zein aretoetara doan ikus-entzule kopuruari jagokonez.

Programautako 50 emonaldi baino gehiagotan sarrerak agortu egin dira aurten, Sail Ofizialeko Rainer Sameten November film luzean eta Paul Urkijoren Errementari pelikulearen emonaldi berezietan esaterako. Horrezaz gan, Sail Ofizialeko The Endless eta Matar a Dios filmetan eta nazinoarteko film laburren saioan ikus-entzule kopurua areto osoaren % 90 ingurukoa izan da.

Antolatzaileek, Campos Antzokiko inaugurazino ekitaldiak eta lehiaketara aurkeztutako euskal film laburren proiekzinoek izandako harrera bikaina be azpimarratu nahi izan dabe. Horrezaz gan, 920 persona joan ziran Pre-FANTeko emonaldietara, zinemaldiaren aurreko astean, eta 1.520 ikasle hurreratu ziran FANTEskola saioetara.

Edizino honetan, lehen aldiz Ikus-entzuleen Saria emon dabe, eta Issa Lópezen, Tigers are not Afraid film luzeak eroan dau, aretoan 4,46ko puntuazinoa lortuz (5etik). Azkenik, 1.200 persona jaso dituan dobako sarrerako 2. aretoak batez besteko okupazino maila ona lortu dau, % 65ekoa Tobe Hooperren eta George A. Romeroren klasikoen emonaldietan. Panorama Fantastikoa Saileko emonaldietara joandako jente kopuruak be gora egin dau aurten, % 60 inguruko batez besteko okupazinoagaz.

Zinemagileei jagokenez, beste urte batez zaleek autoreakana hurreratzeko eta emonaldiak komentetako aukerea izan dabe, honeek Sail Ofizialean lehiatu diran filmak aurkeztera etorri diralako: Issa López, Albert Pintó eta Caye Casas, Justin Benson eta Aaron Moorhead, Karl R. Hearne, Marc Martínez, Maurice Haeems eta Lucio A. Rojas. Horrezaz gan, Panorama Fantastikoa Saileko egileak be egon dira, Andrés Goteira, Norberto Ramos, edo Marcelo Schapces, besteak beste.

Inaugurazino jardunaldian, FANT 24k, 2018ko FANTastikoaren Izarra saria eskuratu dauen Joe Dante zinemagile estadubatuarraren bisitea izan eban. Ohikoa danez, edizino honetan, FANT Laburrean atalean eta emonaldi paraleloetan parte hartu daben euskal egileak be igaro dira zinemalditik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu