Joe Lynch-en 'Mayhem' pelikuleak irabazi dau FANT-eko sari nagusia
2018-05-11 12:39 ZinemeaEuskal Film Labur Onenaren saria Aitzol Saratxagaren Ziren filmak jaso dau.
Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XXIV. edizinoko Epaimahaiak Joe Lynch zinemagilearen Mayhem, (AEB, 2017) film luzeari emon deutso Film Onenaren FANT 2018 Saria.
Jaialdiko epaimahaiak filmak dauen zuzentasun ezagaitik, zonbien generoa modu originalean berraztertzen asmeteagaitik eta kapitalismoaren kritika basatira daroan espazio itxiko eszenifikazinoagaitik aukeratu dau. Protagonistea, bere lanetik modu bidebakoan kanporatua izan ondoren, birus misteriotsu eta arriskutsu bategaitik abogadu bufetearen eraikina berrogeialdian jarriko dabe. Gaixotasunaren biktimak euren inpultsu basatienak jarraituz jarduten hasten diranean, kaosa bulegoaz jaubetuko da.
Film laburren atalean, epaimahaiak Rubin Steinen Bailaora (Espainia, 2018, 15’) lanari emon deutso Onenaren Saria. Fikzinozko lan hori aukeratzeko orduan, apustu bisual parebakoa eta genero nahasketa harrigarria, bitxia eta hipnotikoa azpimarratu ditu epaimahaiak.
Euskal Film Labur Onenaren Saria, epaimahaiaren erespidearen arabera, Aitzol Saratxagaren Ziren (2017, 15 min) fikzinozko lanak jaso dau, genero proposamena izan arren erritmo geldoa emotean asmeteagaitik eta arimearen existentziari buruzko gogoetea egiten ausartzeagaitik.
Aurtengo epaimahaia honeek osotu dabe: Joanes Urkixo idazle eta gidoilariak, Koldo Almandoz zinemagile donostiarrak, eta zineman aditua dan Janire Zurbano kazetariak.
Barrikuntza moduan, edizino honetan, Euskal Aktoreen Batasunak Euskal Film Laburren Antzezpen Onenaren saria emon dau. Autortzea Fernando Albizuri emon deutsie aho batez, David Pérez Sañudoren Aprieta pero raramente ahoga pelikulan egindako lanagaitik, personaia konplexua defendiduteagaitik eta umore-samurtasun-bildur nahasketea eskaintzeagaitik, personaiaren helburuari sendo eutsiz, karikaturan jausi barik, eta mobiduten dan atmosferearen barruan sinisgarria dan itxurazko egunerokotasunari eutsiz.
Aurtengo edizinoko ikus-entzuleen eretxiz, Film Labur Onena Albert Pintóren eta Caye Casasen 16 minutuko RIP (Espainia, 2017) lana izan da. Sail Ofizialeko Ikus-entzuleen Film Luze Onenaren saria, barriz, Issa López mexikarraren Tigers are not Afraid lanak eskuratu dau.
Panorama saileko epaimahaiari jagokonez, Daniel Romero zinemagileak, Mentxu Sesar, bideoklip, film labur eta dokumental zuzendariak, eta Vanesa Fernández Guerra ZINEBIko zuzendari barriak osotu dabe. Panoramako Film Luze Onenaren saria Andrés Goteiraren Dhogs (Espainia, 2017) lanak irabazi dau, ikusteko orduan indar handia dauen film gordina eta oso zuzena dalako eta, batez be, indarkeriaren konsumoari buruz gogoetea egiteko konbidapenagaitik, azaldu dau epaimahaiak.
Film laburren atalean, saria Lorène Yavoren À Chacun Sa Malédiction (Belgika, 2017) lanak irabazi dau, uniberso berezi pare bakoa sortu dauelako, fantastikoaren bitartez egunerokoa eta hurrekoa dan zeozeren ganean berba egiteko.
Zinemaldiaren Sari Banaketa Ekitaldia, gaur, barikua, arrastiko 20:00etan izango da Bilboko BBK Salan, Trevor Stevensen Rock Steady Row (AEB, 2018) filmaren emonaldi bereziagaz. Aurten, barrikuntza moduan, bihar, zapatua, FANT 24ko film saritu guztiak eskainiko ditue barriro areto berean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!